Martxoaren 8a aldarrikapen, aitortza eta ospakizun eguna izateko moduko ekitaldiak antolatu dituzte herriko hainbat eragile desberdinek. Bihar izango dira gehienak, zapatua, baina zineklubean, esaterako, aste honetako zein hurrengoko film emanaldiak daude programatuta, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko.
Bilkura eta manifestazioa
Zapatu eguerdian elkarretaratzea egingo dute, Olakua auzoko urmaelaren ondoan, Lagun Leku erretiratu elkarteak antolatuta. Horren ostean, mokadutxoak eskainiko dituzte, Eltzian duten lokalean: salda eta txorizoa. 14:30ean, berriz, bazkari feminista egingo dute, gaztetxean; gaur, egubakoitza, da azken eguna izena emateko, Arrano tabernan. Bazkariaren aurretik, baina, 11:00etan, hitzaldia egongo da, gaztetxean bertan. Euskal musika panorama emakume eta disidentzien bizipenetatik izango da solasaldiaren gai nagusia, eta Aiert Alberdi musikari oñatiarrak eta Nerea Loron La Furia abeslariak hartuko dute parte.
Azoka domeka goizean
Arratsaldean egingo duten manifestazioa 18:00etan abiatuko da, plazatik, mugimendu feministak antolatuta. Ordu berean, Santa Ana antzokian, herriko emakume dendariei aitortza egingo die Hots abesbatzak. Faktoria soziala egitasmoaren barruan, Emakumeek idatzia izeneko kontzertua emango du; abestuko dituzten pieza guztiak emakumeek idatzitakoak izango dira. Joan den urtean, nagusien egoitzako zaintzaileak omendu zituzten sasoi honetan, eta aurten, herriko emakume dendariei egingo diete aitortza, Txanda elkartearekin batera. Sarrera doan izango da.
Eta asteburuko azken ekitaldia domeka goizean berdura plazan egingo duten emakume artisauen azoka izango da. Bitxiak eta oihalekin zein larruarekin egindako produktuak, egongo dira, besteak beste, azoka horretan; 10:30etik 14:15era