Eguen Gizen egunean izan ohi da Oñatiko Inauteri Txikia, eta zapatuan handia. Eta aurten ere horrelaxe jaso dute Inauterietako egitarauan. Horrela, bihar, zapatua, egun osoko festa izango da Oñatin, Oñatiko Inauteriak taldeko kideek antolatutako ospakizunarekin.
300 bat lagun konpartsan
Urtarrilean hasi zituzten entseguak, Eltzian, eta bihar, 300 bat lagun irtengo dira kalera Inauterietako konpartsan: 28 musikari, 51 pertsonaia eta 220 bat dantzari. Goizean zein arratsaldean ibiliko dira kalez kale dantzan, bazkaltzeko atseden hartuta, eta iluntzean, 20:00etan, emango diote amaiera egunari, plazan. Oñatz dantza taldeko dantzariek, bestalde, bolant dantzak egingo dituzte, ohitura duten moduan, Aratusteetako domekan. Aurten, gainera, hitzaldi bat ere antolatu dute; gaur, egubakoitza, izango da hori, eta Kantabriako Silio herriko hiruzpalau lagun etorriko dira La Vinajera izena duen euren maskaradei buruz berba egitera; Santa Anan izango da hitzaldia, 19:00etan.
Txokolate solidarioa plazan
Astelehenean atseden hartuta, martitzenean izango dute jarraipena Aratusteek. Marietak zirkus antzerki-zirku ikuskizuna egongo da, esaterako, Zubikoa pilotalekuan, txikienendako, 17:00etan. Bi iloba eta euren izeba ikusiko dituzte umeek taula gainean, ilobak txikiak zirenean zaintzen zituen izeba, eta planik eroenak asmatzen zituena. Familian ikusteko moduko ikuskizuna izango da. Sarrera hiru euro da, eta urtebete baino gutxiagoko haurrek gonbidapena beharko dute.
Ordubete geroago, 18:00etan, txokolate solidarioa banatuko du parrokiako misio taldeak. Bildutako dirua Dhagguel (Ginea-Konakry) herrian dagoen Onati ikastetxearen alde izango da. Gainera, erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira erdiguneko kaleetan zehar, eta gaztelekuan mozorro lehiaketa egingo dute arratsaldean.
Erretiratu elkarteetan ere bai
Ikastetxeetan ere ospatuko dituzte Inauteriak, eta erretiratuen elkarteetan ere prestatu dituzte egitarauak jai horiek ospatzeko. Pake Leku elkartean txistorra jan eta bingoan aritzekoak ziren atzo, Eguen Gizen egunean. Lagun Lekun, berriz, sasoi honetako jakiak jango dituzte martitzenean: pellak, torradak eta txorizoa. Denetarik jateko eta edateko aukera egongo da, bost euroren truke, 19:00etan.