Denboraldi hasieran Realeko lehenengo taldera jauzia egin ostean, futbol profesionalean urratsak ematen jarraitzen du Elene Guridi jokalari oñatiarrak. Izan ere, talde txuri-urdinak iragarri du Guridirekin akordio batera iritsi dela txantxikuarraren kontratua 2027ra arte berritzeko "azken hilabeteetako lehen mailako errendimendu bikainaren ondoren".
"Ilusio handiarekin"
Guridik adierazi du "txikitako amets bat" betetzen ari dela, eta "oso pozik" dagoela kontratua bi urtez berritu izanagatik. Denboraldiko aurreneko itzulia igaro berritan luzatu du kontratua oñatiarrak, eta onartu du hasiera batean ez zuela espero gaur egun dagoen tokian egotea: "Atzera begiratuta, duela sei hilabete ez nuen esango gaur egun nagoen lekuan egongo nintzatekeenik. Oso pozik nago; lehenengo urratsak ematea zaila izan da, baina aurrerantzean, egunerokotasuneko lanarekin eta taldekideen eta talde teknikoko kideen laguntzarekin errazagoa izango da". "Realarekin batera hazten jarraitzea eta lehenengo mailan egonkortzea da helburua; nire etxean", gaineratu du oñatiarrak.