Proiektua "1989an jeltzaleek bultzatutako bidearen bilakaera logikoa" dela esan dute jeltzaleek, eta aurrerapauso moduan ulertu. Baina, "arrakasta izan dezan", puntu hauek argitzea "funtsezkoa" dela uste dute: nola bermatuko den energia hornidura egonkor eta lehiakorra, merkaturatutako energia %100 berriztagarria izango dela ziurtatzea eta Oñatiko Udalak urtero dibidenduetan jasoko duen diru kopuruak nola eragingo dien Udalaren diru-sarrerei. Jeltzaleek gaineratu dute prozesuak "gardena" izan behar duela ondo funtziona dezan. "Udal taldeak ekimenaren berri behin erabakiak hartuta zeudenean eta beste eragileek diseinu erabakietan parte hartzeko aukerarik izan gabe ematea" kritikatu du. "Proiektuak babes eta arrakasta handiena izan dezan, funtsezkoa da prozesu ireki eta parte-hartzailea izatea".
Jeltzaleen udal bozeramaile Amaia Erostarbek alderdiak bidalitako prentsa-oharrean dio bertako energiaren onurak bertarako izatea gura dutela: "Oñatin sortutako energiak oñatiarrei eta bertako enpresei onura ekartzea nahi dugu. Eredu iraunkor, eraginkor eta ondo planifikatua nahi dugu, etorkizunerako bermeekin"