Oñatiko Inauteri Txikiak emango die hasiera, gaur, eguena, aurtengo Aratusteei eta martitzen iluntzera arte luzatuko dira neguko jai koloretsu hauek.
Olaitturritik plazara
Oñatiko Inauterietako ohiko koloretako arropak jantzita elkartuko dira Olaitturrin herriko Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako ikasleak. Hiru ikastetxeek batera hartzen duten ospakizuna izaten da, baina aurten hezkuntza publikoko irakasleen greba deialdiak baldintzatu egin du herri eskolako ikasleen partaidetza. Hitzordua, baina, 15:00etan dute ikasleek, Olaitturrin, eta, erdiguneko kaleak zeharkatu ostean, plazara helduko dira, 16:15 aldera, ekitaldiaren amaierarako. Inauterietako arroparekin aterako dira ikasleak, eta ikastetxeetako irakasleek zein Oñatiko Inauterietako lantaldeko lagunek beteko dituzte kondearen eta kondesaren paperak zein hartzarena eta zaintzailearena.
Zapatuko, martxoak 1, Inauteri handiko prestaketak, bestalde, azkenetan dira. 300 bat lagun aterako dira kalera egun horretan: 28 musikari, 51 pertsonaia eta 220 bat dantzari. Goizean zein arratsaldean ibiliko dira kalez kale dantzan, bazkaltzeko atseden hartuta, eta iluntzean emango diote amaiera egunari, plazan. Oñatz dantza taldeko dantzariek, bestalde, Bolant dantzak egingo dituzte, ohitura duten moduan, Aratusteetako domekan.
Kantabriako maskaradak
Egubakoitzean izango da, baina, aurtengo Inauterietako egutegiak jasotzen duen berritasun nagusia: Kantabriako Silio herriko hiruzpalau lagun etorriko dira euren maskaradei buruz berba egitera. "La Vinajera du izena euren jaiak, urteko lehen domekan ospatzen dute eta ondare immaterial izendatuta dago. Sorkuntza bai, baina beste herri batzuetako ohiturekin antzekotasunak badaudela ikusiko dugu hitzaldi horretan", dio Oñatiko Inauteriak taldeko Arkaitz Bengoak. Santa Anan izango da hitzaldi hori, bihar, 19:00etan.
Eta bitartean, herriko ikastetxeetan zein etxe askotan mozorroak prestatzen ere ibiliko dira herritarrak, Oñatiko Inauteriak taldeak eta Oñatz dantza taldeek Aratusteetako hasiera iragartzen duten moduan, Inauteriak ospatzeko ohiko ekitaldiak egongo direlako aurten ere, datorren martitzenean. 17:00etan, Marietak zirkus antzerki-zirku ikuskizuna izango dute ikusgai txikienek Zubikoa pilotalekuan. Ondoren, elkartasun txokolatea eta txorimaloak eta erraldoiak, plazan.
Erretiratuen elkarteetan ere bai
Erretiratuen elkarteetan ere prestatu dituzte egitarauak Inauteriak ospatzeko. Pake Leku elkartean, esaterako, txistorra jan eta bingoan arituko dira gaur, Egun Gizen egunean. Lagun Lekun, berriz, sasoi honetako jakiak jango dituzte martitzenean: pellak, torradak eta txorizoa. Denetarik jateko eta edateko aukera egongo da bost euroren truke, 19:00etan.