Guztira, 52 zuhaitz eta zuhaixka landatu dituzte Natur Eskolak antolatutako Zuhaitz Egunean. Horietatik 12 izan dira zuhaitzak, zehazki, haritzak, altzak eta haginak landatu dituzte. Zuhaixkak izan dira beste 40ak, eta horietan, espezie hauek landatu dituzte: basaerramua, zuhandorra, arbustoa eta andura.
Natur Eskolako Aimar Uribesalgok modu positiboan baloratu du eguna: "25 lagun inguru elkartu gara haur eta nagusien artean, eguraldi oso ona izan dugu, eta, landaketa nahiko erraza eta azkarra izan da. Gero, hamaiketakoa ere egin dugu eta tertulian gustura egon gara".
Bidebarrieta kaleko eta sahiesbideko biribilgunearen artean dagoen zelai gunean egin dute landaketa eta Uribesalgok adierazi du lur "zaila" dela hori: "Aurretik hiru landaketa egin ditugu lursail horretan eta gaurkoa izan da laugarrena. Aurretik egin diren landaketetatik hamar landaretik bat irten da bizirik, lur hori euria egiten duenean oso urtsua delako, baina lehorte garaian, asko lehortzen da. Beraz, lehenengo uda ez badute irauten, landara horiek hil egiten dira. Lehenengo uda pasatzen badute, bizirik irteten dira". Gaineratu du aurreko urtetan landatutako gorostiak eta haginak, esaterako, hor daudela handitzen hasita.