Naiara Olalde: "Makillatzaile-begiekin ikusten dut dena"

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko ots. 20a, 18:47

Naiara Olalde Tome oñatiarra.

Isabel Croixet eta Borja Cobeaga zuzendarien filmetan, Potx eta Lotx pailazoen ikuskizunetan eta Goienako Danbaka musika lehiaketako finalean ibili da, besteak beste, makillatzaile lanak egiten Naiara Olalde Tome (Oñati, 1978). Baita 'Desagertuta' eta ikusle gaztetxo askok jarraitzen duten 'Irabazi arte' telesailetan ere.

Euskal Telebistako 'Irabazi arte' telesaileko makillatzaile taldean aritu da lanean oñatiarra. Hainbat filmetan ere ibili da.

Zuk ere ikusiko duzu telesaila?

Bai, noski. Ikusten ditut lanean ibili naizen filmak zein telesailak, baita beste asko ere; gustatzen zait. Hori bai, makillatzaile-begiekin ikusten ditut, gehienetan: aldaketarik duten aurreko eszena edo kapitulutik, zelan orraztuta dauden...

Nolakoa izan da 'Irabazi arte' telesailean egindako lana?

Normalean, makillatze-arduradun batek, beste bi makillatzailek eta ile-apaintzaile batek osatzen dute grabazioetako talde egonkorra, eta, lanaren arabera, aktore asko dauden ataletarako, adibidez, errefortzuak eskatzen dira. Aurreko denboraldian horrela ibili nintzen ni, baina hirugarrenean talde egonkorrean egon naiz, Miren Eskisabel arduradun dela, Eider Rodriguez ile-apaintzailearekin ea Maider Etxeberria eta Leire Ruiz makillatzaileekin batera. Oso gustura ibili naiz. Egia da gaztetxoak direla protagonistak, naturalak eta garai honetakoak. Alde horretatik, ez dute aparteko lanik eskatzen, baina kontuan izan behar da grabazioak udan, uztailean eta abuztuan, egin genituela, negua irudikatuz; telebistan neguko arropekin agertuko dira, eta beroa, izerdia... zaindu beharra izan dugu, bai.

"ZUZENDARIAK ERABAKITZEN DU PERTSONAIAK NOLAKOAK IZAN BEHAR DIREN ETA HORRELAKOAK BIHURTZEN DITUGU GUK"

Grabazio-ordu guztietan egon zara?

Bai. Goizean egoten da lan handiena, aktore guztiak elkartzen direlako. Grabazioak egin ahalaz eta bakoitzak bere lana bukatu ahalaz bat joan egiten dira, baina guk pantailen bitartez jarraitzen ditugu eszena guztietako grabazioak, eta orrazkera edo makillajea hondatu bazaio aktoreren bati, eten egiten dugu grabazioa eta beharrezko konponketak egiten ditugu, grabatzen jarraitzeko; kendu ere geuk kentzen diegu. Lokalizazioka egiten dugu lan; hau da, futbol zelaiko eszena guztiak segidan grabatzen ditugu, eskola barrukoak ere jarraian, eta berdin aldagelako grabazioak ere, adibidez.

Noiz hasi zinen lan horretan?

Duela zortzi urte. Bartzelonan hasi nintzen. Han publizitatea eta moda egiten dira, gehienbat; nik zinema egin gura nuen, eta duela hiru bat urte etorri nintzen hona. Oraindik denbora gutxi da, baina oso pozik nago orain arte egindakoarekin. Adibidez, makillatze-lanak egiten ibili naiz Un amor –Isabel Coixet–, Los aitas –Borja Cobeaga– eta Cuerpo escombro –Curro Velazquez– filmetan. Baita Desagertuta telesailean ere. Potx eta Lotx pailazoekin ere egin ditut lan batzuk… Askotan, bizpahiru eguneko lanak izaten dira, baina pozik nago, hasiera da-eta hau. Zuzendariak erabakitzen du pertsonaiek nolakoak izan behar duten, eta horrelakoak bihurtzen ditugu guk. Bitxikeria moduan, 20.000 especies de abejas filmean ez dago makillajerik, azala kremen eta eta masajeen bidez landu zuten, zuzendariak naturaltasuna erakutsi gura zuelako.

"PUBLIZITATEAN ETA MODAN ARITU NAIZ BARTZELONAN, ETA ZINEMAN NABIL HONA ETORRITA"

'Marco'-k irabazi du makillaje eta ile-apainketa onenaren Goya saria; ikusi duzu?

Oraindik ez, baina ezagutzen ditut Karmele Solerren eta Natxo Diazen lanak; oso onak dira.

Inauteriak datoz laster; gustuko sasoia duzu?

Ez zaizkit bereziki gustatzen Inauteriak, ez. Inoiz mozorrotu dut lagunen bat, ez ezagutzeko moduan. Hala ere, makillaje artistikoak egiten ditut, gorputzak margotzen ere ikasi dut, baina maskaren teknika oraindik ez.

Zer dago orain modan makillajean?

Aurpegi distiratsuak izatea, izerdituta baleude bezala.

Olalde, 'Irabazi arte' telesailean lanean (Argazkia: Cesar Hernandez, @cesarherphoto).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak