Puntua aldizkariaren 442. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Euskal txapelaren erabilera gazteen artean ez da hain ohikoa, baina badaude oraindik euren estiloaren parte bihurtu dutenak. Julen Agirre (2001) oñatiarrak txapela ez du osagarri huts ikusten, haren identitatearen parte baizik.
Noiz hasi zinen txapela erabiltzen?
Txikia nintzenetik gustatu izan zaizkit txapelak, mota guztietakoak. Egunerokoan erabiltzen hasi nintzen batxilergo garaian, 16-17 urterekin, eta, zelanbait, errebindikazio moduan ere bai. Estetikoki gustatzen zait, baina egia da belaunaldi-arrakala dagoela. Gazteen artean ez da ohikoena, baina gero eta gehiago ikusten da.
Txapela zure identitatearen parte da?
Bai; jende askok "txapela janzten duen mutila" bezala ezagutzen nau. Txapelarekin eta betaurrekoekin identifikatzen naiz; bat erantzita, ni ez naiz ni.
Chill Mafiak eta halako taldeek gazteen artean txapelaren erabileran eragina izan dute?
Bai; erreferenteak edukitzea garrantzitsua da. Jendeak futbolarien orrazkerak imitatzen ditu, eta oholtzan txapela daraman norbaitek eragin dezake.
Zein mezu helaraziko zenioke txapela jantzi nahi baina zalantzak dituenari?
Barrutik ateratzen bazaizu, jantzi ezazu, zure identitatea ukatu gabe. Txapelaren mundua ezagutzera animatuko nituzke gazteak; aukera asko daude eta.