Oñatiko lehen gaztetxearen bueltan ibilitakoa zen Fernandez, baita borroka ekologista eta mugimendu antinuklearreko kidea ere. Euskadiko Mugimendu Komunistako millitante ere izan zen, eta bere bizitzako azken urteetan Iraultza taldera batu zen. Talde horren baitako ekintza armatu bat egiten ari zela, lehergailu bat eskuetan lehertu zitzaion, eta haren ondorioz sortutako zauriengatik hil zen.
50 pertsona inguru bildu dira gaurko ekitaldian, Fernandezen omenez 2013an landatutako zuhaitzaren azpian. Bertan, Fernandezen hurbilekoek hartu dute hitza, eta aurreskua dantzatu diote. "Militante konprometitua eta langilea zen, jendearekin egoteko eta arazoak ulertzeko zeukan gaitasuna nabarmendu digute bere gertukoek, baita marrazteko zeukan abilezia ere", esan dute ekitaldian egin dute irakurketan. Plazako arkupean haren omenez dagoen marrazkia ere gogoratu dute: "Urteak aurrera joan arren, haize eta euriak ez dute ezabatu Angelen arkupea markatzen duen plazako marrazki txikia, eta Angelen memoriak bizirik jarraitzen du bere ingurukoengan".
Bide horretatik, antolatzaileek memoriaren eta aitortzaren garrantzia ere nabarmendu dute: "Militante iraultzaile gisara aitortza politikoa egitea beharrezkoa dela uste dugu. Jardun politikoarekiko izandako konpromezu eta grina aitortzea, ikusaraztea eta bertatik ikastea". Hala ere, "nostalgia hutsean" ez erortzeko deia egin dute, eta eta "egunez egun lanean jarraitzea" beharrezkotzat jo dute: "Angel eta beste militante askok egin bezala, eguneroko lanari konpromezuz eta gogoz heltzea beharrezkoa dela ikusten dugu. Horretan jarraituko dugu guk, inolako zapalkuntzarik eta klaserik gabeko gizarte baten alde egiten". Ekitaldia Internazionala kantatuz bukatu dute, eta, ondoren, luntxa izan da gaztetxean.