Ulma Agrikola kooperatibak 10,5 milioi euro inbertitu ditu, azpiegituran eta teknologian, Oñatin zabaldu duen planta berrian. Inbertsio honekin "prozesu industrial eraginkorrago eta jasangarriagoetara jauzi bat" eman da, Ulmak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez. Aurrerapena izango da "nekazaritza laboreetarako, landare eta lore mintegietarako, akuikulturarako, abeltzaintzarako eta biltegiratzerako berotegien fabrikazioan. Instalazio berriei esker, laboreen produktibitatea eta kalitatea errazten duten berotegi sistema aurreratuagoak diseinatuko dira eta, aldi berean, uraren eta ongarrien erabilera arrazionalizatu".
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua, Xabier Arruti Gipuzkoako Lurralde Oreka Berdeko foru diputatua eta Izaro Elorza Oñatiko alkatea gaur goizean izan dira Ulma Agricolak Oñatin duen instalazioa bisitatzen. Egun 35 langilek egiten dute lana hor eta 10 lagunek Mexikoko filialean. Kooperatibak aurreratu duenez planta plantilla %25 handitzea ahalbidetuko du inbertsio honek.
Plantak eraginkortasun energetikoko eta funtzionaltasun aurreratuko hainbat neurri ezarrita dituela azaldu du kooperatibak,
"etengabe aldatzen ari den merkatuaren erronkei erantzuteko". Eta testuinguru horretan, berotegietan hazten diren produktuak izan ditu hizpide Alberto Galdosek, ULMA Agricolako zuzendari gerenteak. Berak esan du "berotegiko laboreak direla, gaur egun, nekazaritza produkzioaren apustu seguruena, baldintza meteorologiko, izurrite eta gaixotasun gero eta aldakor eta oldarkorren aurrean; produktuaren kalitatea eta hornidurak ezarritako datan egiteko konpromisoak ziurtatzeaz gain, uraren kontsumoan %40era arteko murrizketa eta uraren erabileran aurrezpen nabarmena dakarte.
Bederatzi negozio ditu ULMAK
1961ean sortu zen ULMA eta kooperatibaren egungo taldea bederatzi kooperatiba industrialek osatzen dute, kooperatiba horiek 5.600 pertsonari ematen diete enplegua eta 81 herrialdetan jarduten dute. 1.142 milioi euroko salmenta konpilatuen bolumena du.