Urrezko Danborra jaso du Moriarti Produkzioak ekoiztetxeak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urt. 21a, 12:36

Urrezko Danborra jasotzeko aitortza-ekitaldia; erdian, Aitor Arregi oñatiarra. Irudia: Irutxuloko Hitza.

Donostiako osoko bilkuren aretoan egin zuten atzo, San Sebastian Egunean, aitortza ekitaldia, eta tartean izan da Aitor Arregi oñatiarra, Moriarti Produkzioak ekoiztetxeko kidea.

Moriarti Produkzioak ekoiztetxearendako izan da 2025eko Urrezko Danborra, eta "hiriaren enbaxadore" izendatu du Donostiako Udalak: "Hiriak hamarkadetan zehar zaindu duen ekosistema kulturalaren parte da Moriarti ekoiztetxea: kultura hiria, euskararen hiria, izaera propioa duen hiria eta bere nortasunean sakondu nahi duen hiria ordezkatzen ditu".

Hain zuzen ere, Aitor Arregi zinema-zuzendari oñatiarrarekin batera, ekoiztetxeko partaide dira Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Asier Acha eta Xabier Berzosa, eta bostak izan ziren atzoko aitortza ekitaldian. 2001ean sortu zuten Moriarti Produkzioak, eta film luzeak, laburrak, dokumentalak eta telesail bat ekoiztu dituzte orduz geroztik; are gehiago, nazioarteko jaialdietan ere izan dira eta sari ugari irabazi dituzte urte hauetan zehar.

Hitzartzeetan aitortza

Eneko Goiak, Donostiako alkateak, hartu du lehendabizi hitza, eta Moriarti Ekoiztetxeak eginiko lana aitortu du: "Zineman, milaka eta, beharbada, milioika istorio kontatu dira. Meritua begiradan datza, nola kontatu eta transmititu, eta zuek tekla hori aurkitu duzue. Begirada zintzoa eta zehatza ez ezik, sentikorra, estetikoa eta oso etikoa da; gainera, oso modu gipuzkoarrean egin duzue. Lan isila egiten, baita lan handia egiten. Zaratarik eta handitasunik gabe. Gainera, eta hori zuen ezaugarria da, taldean lan egiten duzue". Are gehiago, Urrezko Danborra jasotzearen garrantzia ere azpimarratu du: "Aintzatespen handia da, eta harro egoteaz gain, ospatu egin behar da, baina, aldi berean, erantzukizun handia da, hiriaren enbaxadore bihurtzen baitzarete ofizialki".

Moriartiko bost kideek ere, banan-banan, hitza hartu dute, eta aitortzarekin "oso eskertuta" daudela adierazi dute. Hain justu, hitzartze bakoitza eszenatzat irudikatu dute, eta euren ibilbidea ez ezik Euskal Herriko zinemagintzarena ere aipagai izan dute, ekoiztetxe txikien eta langileen lanari aitortza eginda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak