Gaur, egubakoitza, egingo dute urteko lehen odol-ateratzea. Aurtengo egutegian ere hamaika ateratze dituzte jasota, hilean bat, abuztuan izan ezik, eta herritar guztiei odola ematera joateko deiarekin hasi gura dute. Indartsu hasiko dute, gainera, iazko helburuak beteta eta aurtengoei erantzuteko ziurtasunez.
Erronkei erantzuteko prest
505 odol-poltsa lortzeko helburua zuen jarrita joan den urtean Oñatiko Odol Emaileen Elkarteak, eta hogei bat gehiago lortu zituzten. "Pozik gaude jendeak izaten duen erantzunarekin, bai, eta joan den urtean lortu genuen jarri ziguten erronka hori gainditzea. Guk geure kontuak eramaten ditugu, eta 525 poltsa zenbatu genituen iaz; Donostia- tik kopuru hori berrestea falta da oraindik, baina pozik gaude, bai. Ea aurten ere lortzen dugun. Urte hasieran izaten dira bilerak; Debagoienekoa, esaterako, otsailean dugu, eta, ziurrenez, ordurako denok jakingo digu bakoitzari eskatuko digutena. Gu saiatuko gara ahalik eta gehien lortzen", dio elkarteko Axun Leibarrek.
Emaile berriak ere bai
Guztira 588 lagun joan ziren odola ematera joan den urtean Oñatin, eta horietatik 525ek lor-tu zuten poltsa betetzea. Gainera, joan zirenen artean emaile berriak ere bazirela aipatu du Leibarrek, eta horrek poztasuna eman ziela gaineratu. Orain fideltasuna lortzea dela erronka dio: "Joan den urteko emaileen artean, 25 lehen aldiz etorri ziren. Etorkizunera begira oso albiste ona da hori, eta fideltasuna landu gura dugu orain. Ederrena litzateke emaileak urtean behin edo birritan joanda nahikoa izatea odol-premia asetzeko. Baina hori ez da erraza. Datuek diote lau pertsonetatik hiruk odola beharko duela bizitzako momenturen batean, eta hori asko da. Horregatik, hilean behin egiten den odol-ateratze egunaz gain, sentsibilizazio kanpainak egiten ditugu urtean zehar, ahalik eta emaile gehien lortzeko. Eta emaile berriak beti dira ongietorriak".
Ohiko tokian eta orduan
Aurten ere ohiko tokian, Mondragon Unibertsitatearen Enpresagintza Fakultatean, izango dira odol-ateratzeak, hilean behin, 16:30etik 20:30era. "Oso eskertuta gaude fakultatekoei. Oso toki egokia eta atsegina da, ona. Do- nostiatik datozenek ere gustura lan egiten dutela aipatzen dute, espazio zabala dela, eta argitasun handikoa. Gainera, oinez joateko moduan dago, eta ibilgailuan joan beharra izanez gero aparkatzeko tokia ere izaten da".
Urteko lehenengo ateratzea gaur izango da, urtarrilak 17, eta hurrengoa, berriz, otsailaren 21ean. Lasai joateko mezua zabaldu gura du Oñatiko Odol Emaileen Elkarteak.
Internetez, gero eta gehiagok
Pandemia garaia ezkero, aurrez hartu behar da txanda odola ematera joateko. Telefonoz egin daiteke hori, baita gotatanta.eus helbidean sartuta ere. Odol-ateratzearen astean, data aurreko hiru egunetan egoten da txanda online hartzeko aukera, eta geroz eta gehiagok erabiltzen dute bide hori; %80k, gutxi gorabehera. "Emaileendako erosoa da, eta gure lanerako oso lagungarria, gutxi gorabehera zenbat etorriko diren esaten digulako. Adibidez, aste honetan, eguazten arratsalderako 44k zuten txanda online hartuta. Telefono bidez atertze-eguneko goizetan bakarrik har daiteke, zenbaki honetara deituta: 943 00 78 84".
Oñatiko ohiko odol emaileen kopurua 275 da eta odol-ateratze egunetara 52 bat lagun joaten dira, batez beste.