2024an hobariren bat jaso zutenek eskaera egin beharko dute, aurten ere hobaria edukitzeko. Herritarren Arreta Zerbitzuan edo udal webgunean egin daiteke eskaera. Inprimakiak kiroldegian ere badaude. Hobariak eskatzeko azken eguna hilaren 20 da, eta eskaria egiten ez dutenei kuota osoa kobratuko zaie. "Dena den, aurrerago bazkide berriak etortzen badira, hobaria eskatu ahal izango dute, maiatzaren 31ra arte", gaineratu du du Oskar Carrascal kirol teknikariak.
Errentaren eta bizikidetza unitateko kide kopuruaren arabera, %25 eta %95 arteko hobaria lortzeko aukera dago.
Beste aukera batzuk
Urte osorako bazkidetzaz gain, kiroldegiak baditu egunerako sarrerak eta aldi baterako abonuak ere. Azken horietan daude urteko azken seihilekorako edo hiruhilekorako abonuak. Lehenak urteko abonuaren %60 balio du eta bigarrenak, %35. Bestalde, gimnasiorako, rokodromorako, igerilekurako eta saunarako eguneko sarrerak ere badaude.
4.231 bazkide urte bukaeran
Zubikoa kiroldegiak 4.231 bazkide zituen 2024 bukaeran. Haietatik 1.248 banakako bazkidetzak ziren, pertsona bakarrekoak, eta 2.983 familiarrak. Aurtengo kanpainak zein zifra emango duen jakin barik, kiroldegiko bazkidetzan goranzko joera dagoela erakusten dute datuek. 2023 amaieran 4.079 bazkide ziren, 2024an baino 152 gutxiago.
Udako hilabeteetan
Urterako bazkidetza egiten ez duten hainbat herritarrek eguneko sarrerak eta hamar eguneko bonuak ere erabiltzen dituzte. 3.351 pertsonak erabili zuten aukera hori. Oso parekoak dira saunarako, eremu lehorrerako eta igerilekurako hamar eguneko bonuen erabilera: 143na lehen
bietarako eta 135 hirugarrenerako; saunarako bonu gehien, 72, iazko urtarrilean erabili ziren; gune
lehorrerako, urtarrilean (20), apirilean (21) eta uztailean (16).
Eguneko sarrerei erreparatuz, gune bustia erabiltzeko kopurua da handiena: 1.513. Horren %62,5 –947 sarrera– ekainean, uztailean eta abuztuan izaten dira. Hilabete horietan ere nabarmen igotzen dira gune lehorra egun batez erabili gura duten pertsona kopurua.