Gipuzkeraz idatzitako lehen lanetako bat

Julen Murua Mesonero 2025ko urt. 10a, 09:00

Garbitzen aritu diren Juan Miguel Dorronsoro, David Cano eta Noelia Gomez.

Arantzazuko liburutegiaren garbiketa egiten ari zirela aurkitu zuten Doctrina Christianaren explicacioa liburua. XVIII. mendean idatzitako lanaren ale gutxi daudela dio David Cano historialari oñatiarrak, eta Arantzazun dago horietako bat.

Gipuzkeraz idatzitako lehenengotariko liburua aurkitu dute Arantzazuko liburutegian: Jose Otxoa Arinek idatzitako Doctrina Christianaren explicacioa. 1713. urteko lana da, eta gipuzkeraz idatzita dago, XVIII. mendean Villafrancan, gaur egungo Ordizian, euskalki horretan hitz egiten zelako. Arantzazuko liburutegiaren garbiketa amaitu ostean topatu dute bertan lanean ibili direnek duela mende batzuk idatzitako liburu hori, eta zeresana piztu du euren artean.

Hiru urteko lana

Arantzazuko liburutegia garbitzen ibili dira azken hiru urteetan bertako teknikariak, eta 2024 amaitu aurretik bukatu zituzten garbiketa lan guztiak. Hiru urteko jarduna izan da; izan ere, liburutegi batean "80.000 edo 100.000 liburu" egoteak luzatu egiten ditu guztiaren garbiketa eta katalogazio-lanak, David Cano historialariaren arabera. Horrenbeste libururen artean badaude oso esanguratsuak diren batzuk; tartean, Otxoa Arinek idatzitako liburua. "Doctrina Christianaren explicacioa, Villafranca Guipuzcoaco onetan eufcaraz itceguitendan moduan liburua 1713. urtean idatzi zuen Otxoa Arinek. Erdarazko grafian idatzita dago, duela hamarkada batzuk arte grafia horretan idazten zelako euskaraz. Eurek ahoskatzen zuten bezala idatzita dago; hau da, doktrina kristaua XVIII. mende hasieran Villafrancan [Ordizian] hitz egiten zen euskarara itzulita dago", Canoren arabera. Historialari oñatiarrak dio, gainera, lan hori ezagutzen dela "gipuzkeraz idatzitako lehenengoetariko liburu" bezala, eta, horri gehituta liburuaren ale gutxi daudela, aurkikuntza are bereziago bihurtu da. Aurretik ezaguna Canoren arabera, "lan luzea" da liburutegia garbitu eta liburuak katalogatzearena. Esan bezala, hiru urteko jarduna izan da eurentzat, eta aurkitzen zituzten liburuen garrantzia aztertu behar izaten zuten katalogatuta ez zeukaten liburu bakoitzeko. Otxoa Arinen liburuarekin, baina, ez da lan zaila izan; izan ere, Canok Ordiziako historia ikertzen du, eta bazuen pertsonaia haren berri: "Aurkitu arte, ez neukan liburua fisikoki ikusita, baina banekien existitzen zela. Liburuaren ale bat Arantzazun aurkitzeak poztu egin ninduen".

Doctrina Christianaren explicacioa liburua. Argazkia: David Cano

Liburutegia aberasten

Aurkikuntza berezia izan da Arantzazuko liburutegiaren garbiketa lanetan ibili direnentzat, eta, Canoren arabera, halako lan bat aurkitzea "aberasgarria" izan da liburutegiarentzat. "Arantzazuko liburutegian daude 500, 600 edo 700 liburu inguru, patrimonioak direnak; akaso, Espainia osoan halako hiru aurki daitezkeelako, edo mundu osoan ale bakarra. Badugu Arantzazuko fraide batek XVII. mendean bertako historiaren inguruan idatzitako liburu bat, eta mundu osoan liburu horren ale bakarra dago. Ez da Otxoa Arinen liburuaren kasu berbera, baina batak zein besteak aberastu egiten dute liburutegia", Canoren arabera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak