Espetxeratu egin dute bost laguni labanaz eraso egiteagatik atxilotuta zegoen gizonezkoa

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko urt. 3a, 20:04

Aita Madina kalea, urtarrilaren 1eko gertakaria izan zen lekuetarako bat.

Martuteneko espetxera bidali dute urtarrilaren 1ean Oñatin bost lagun labanarekin erasotzea egotzi zitzaion 32 urteko gizonezkoa. Atxilotuta zegoen eta Bergarako epaitegiaren esku utzi du gaur Ertzaintzak. Epaileak, gero, espetxeratzeko agindua eman duela adierazi dute Ertzaintzatik eta Martutenera eraman dute.

Urtarrilaren 1ean, goizeko 06:25 inguruan izan zen gertakaria Oñatin, eta 32 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak, bost laguni labanarekin eraso egitea leporatuta.

Atxilotua Bergarako epaitegiaren esku utzi du gaur Ertzaintzak eta epaileak espetxeratzeko agindua eman du. Martutenen dagoela adierazi dute Ertzaintzatik.

Bestetik, bost zaurituak –lau gizonezko eta emakumezko bat–, Arrasateko Ospitalera eraman behar izan zituzten eta horietako bati hankan ebakuntza egin behar izan zioten.

Oñatiko EAJk, gaitzespena

Prentsa ohar bidez, Oñatiko EAJ-k gertakariarekiko gaitzespena adierazi nahi izan du, aurretik Izaro Elorza alkateak egin zuen bezala.

EAJtik adierazi dute "indarkeria-ekintza horiek" ez dutela lekurik Oñatin, eta hau gaineratu dute: "Indarkeria, edozein modutan, erabat onartezina da, eta gizarte gisa partekatzen ditugun balioen aurkakoa". Bestetik, babesa adierazi nahi izan diete biktimei: "Gure erabateko babesa adierazi nahi diegu gertaera lazgarri honen biktimei, bai eta haien familiei eta gertukoei ere, eta sendatze azkar eta osoa opa diegu. Gure eskua luzatzen diegu gertaera tamalgarri honek kaltetutako pertsona guztiei, eta haien esanetara jartzen gara behar duten edozein laguntza emateko".

Azkenik, Oñati udalerri "abegikor, lasai eta biziz betea izaten jarraitzeko" lan egiteko konpromisoa berretsi dute.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak