Malko, Danbakako finalista ez ezik, Gaztea Maketa Lehiaketako irabazle

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko abe. 20a, 09:34

Malko taldea Danbaka Musika Lehiaketan, urriaren 25ean. Irudia: Imanol Soriano.

Danbaka Musika Lehiaketako finalisten berri eman zuen atzo epaimahaiak, eta tartean da Oñatiko taldea; bada, finalistak jakinarazi eta ordu gutxitara, Gaztea Maketa Lehiaketako irabazletzat ere hautatu zuten boskotea, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan jokatutako finalean.

Urtarrilaren 17an, egubakoitza, jokatuko da Danbaka Musika Lehiaketako finala Bergarako Seminarixoan, eta epaimahaiak atzo jakinarazi zuen Oñatiko Malko taldea izango dela finalistetako bat, Arrasateko Del Val eta Rebel Noisekin batera; hala ere, oholtza gainean lagun izango dute Publikoaren Saria irabazten duen taldea ere, urtarrilaren 14ra arte baitako bozkatzeko aukera. Malko taldearendako, ordea, ez zen eguneko ezusteko bakarra izan, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan jokatutako Gaztea Maketa Lehiaketako finalean garaipena eskuratu baitzuen gaualdean; Aramu, Malko eta Mikosis taldeak izan zituen alboan boskoteak oholtza gainean.

Debagoieneko Lemak, Sotoalde eta Doce C taldeak ere Gaztea Maketa Lehiaketako parte izan dira igaro berri den edizioan, aurrefinalisten artean baitzeuden. Horrez gain, Antzuolako eta Hernaniko musikariek osatutako Karena taldea ere lehiaketara aurkeztu zen, baina ez zuen aurrefinalista izatea lortu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak