Urriaren 25eko, azaroaren 15eko, azaroaren 29ko eta abenduaren 13ko kanporaketetan euren onena eman zuten Danbaka Musika Lehiaketaren seigarren edizioan parte hartu duten hamasei proposamenek, eta horietatik hiru aukeratu ditu epaimahaiak finalera igaro daitezen: Del Val, Malko eta Rebel Noise. Amaia Arriaranek, Ainhoa Vitoriak, Sara Alonsok, Julen Narbaizak eta Iñigo Ugartek zalantzak izan dituzte, baina hiru talde horien alde egin dute. Urtarrilaren 17ko finalean 45 minutu jo ahal izango du talde bakoitzak eta kontzertuak amaitu ostean epaimahaiak tarte bat hartuko du irabazlea zein den jakinarazteko.
Sari banaketa ekitaldi horretan, Sari Nagusiaz gain, Publikoaren Sariaren eta Danbaka-Ekinez Sariaren berri ere emango da. Irabazleak disko bat grabatzeko aukera izango du; publikoaren boto gehien jasotzen dituen proposamenak bideoklip bat grabatu ahalko du; eta, azkenik, Danbaka-Ekinez Saria irabazten duen proposamenak 2025eko maiatzaren 30ean eta 31an Bergarako Labegaraieta auzoan egingo den Ekinez jaialdian jotzeko aukera izango du.
Epaimahaia: epaiaren azalpena
Epaimahaiaren bozeramaile lanak egin ditu Iñigo Ugarte oñatiarrak. Lehen gaua itxi zuen Oñatiko Malko taldearen zuzenekotik honako hau azpimarratu du Ugartek: "Oso zuzeneko indartsua eman zuten, ez zuten inor axolagabe utzi. Zurrunbilo bat izan zen sentsazioarekin irten ginen Seminarixotik. Urduritasun zantzu batzuk igarri zitzaizkien, bereziki, hasieran, baina, orokorrean, oso emanaldi segurua eta indartsua eman zuten. Ordu erdiko emanaldiko dinamikak oso ondo zaindu zituzten, une gorenak eta lasaiak tartekatzen... Talde gaztea izan arren, igartzen zaie badutela eskarmentua. Horregatik erabaki dugu beste aukera bat merezi dutela, eta sari nagusirako lehian egon daitezela".
"Mimo handiz prestatua, oso emanaldia zaindua eta fina izan zen". Del Val - Epaimahaiaren balorazioa
Arrasateko Del Val taldearen gainean proiektuaren berezitasuna azpimarratu du, batez ere, epaimahaiak: "Jon Garcia musikari aski ezaguna da Debagoienean, baita Debagoienetik kanpo ere. Musika estilo asko jorratu izan ditu bere ibilbide luzean zehar, eta, kasu honetan, pop doinu zainduekin etorri zaigu. Igartzen da mimo handiarekin sortutako proiektua dela; Garcia Del Val bera ekoizle rolean, musikari oso finez inguratuta. Urte luzez gitarrara lotuta ikusi izan dugu, eta Erromintxelak taldean abestera ere animatu da. Orain, Del Val proiekturako gitarra kendu du, biluztu egin da agertokian, eta hori mirestekoa da. Gitarra-jole bat gitarra barik, abeslari lanetan eta sintetizadoreekin ikustea oso ausarta iruditu zaigu; betiere, ahaztu gabe oso zaindua izan zela exekuzioa. Ea finalean zer eskaintzen diguten".
"Talde heldua, indartsua eta trinkoa da, hazten joango denda". Rebel Noise - Epaimahaiaren balorazioa
Azkenik, abeslaria Oñatikoa duen Arrasateko Rebel Noise taldeak ere lortu du finalerako txartela: "Malkoren antzera, oso zuzeneko indartsua dute, eta, oso gazteak izan arren, erakutsi dute badakitela oholtza gainean egoten. Talde oso trinko edo konpaktu moduan ikusi genituen, heldutasun handia erakutsi zuten agertoki gainean. Uste dugu gorantz egiten jarraituko duen taldea dela. Akaso, Seminarixoan eskaini zuten kontzertua ez zen euren onena izan, gure sentsazioa izan zen ez daudela egoera horretan jotzera ohituta, baina uste dugu beste aukera bat merezi dutela".
"Zuzeneko segurua eta indartsua eman zuten; zurrunbilo hutsa izan ziren" - Malko - Epaimahaiaren balorazioa
Izan ere, bost epaimahaikideak gogotsu daude hiru talde finalistak bigarrenez baina oraingoan 45 minutuz zuzenean ikusteko: "Ikusiko dugu ea zer egiteko gai diren. Gu saiatuko gara ahalik eta ondoen baloratzen... Irabazi behar duenak irabazi dezala sari nagusia, baina uste dugu Danbakan parte hartu duten guztiak direla irabazle dagoeneko".
Del Val, "pozik eta harrituta"
Del Val taldeko buru Jon Garcia Del Val eskertuta bezain harrituta dago epaiarekin: "Sekulako pozez hartu dugu albistea, ez genuen inondik inora ere espero finalerako sailkatzea. Izan ere, gure lehen kontzertua izan zen Danbakakoa eta urduri geunden... Gainera, gure musika estiloa ez da batere ohikoa bailara honetan, eta ez genuen espero epaimahaiaren gustukoa izango zenik. Finalerako aukeratuak izatea itzela da, taldeari hasiera ederra emateko modua. Eta, nola ez, zorionak beste taldeei ere! Finalean elkar ikusiko dugu. Animo!". Pop doinuak lantzen dituen proiektuko buruak finaletik zer espero duten galdetuta, honako hau erantzun du: "Irabaztea! [Barre] Ez, serio esanda: guretzat saria da finalean egotea. Hori bai, sari nagusia irabaziko bagenu, ederto etorriko litzaiguke, grabatu nahi dugun bigarren diskoa finantzatzeko...".
Rebel Noise, "ondo pasatzera"
Punk-oi! eta punk-rock doinuak lantzen dituen Arrasateko Rebel Noise taldeak ere harriduraz hartu du epaimahaiak finalerako aukeratu izana. "Ez genuen espero finalean egotea, eta oso pozgarria da guretzat. Izan ere, ez ginen sentsazio onenekin geratu kontzertuarekin; guretzat ez zen testuinguru ohikoena, eta igarri genuen". Sorpresa izanda ere, pozik hartu dute albistea, eta urtarrilaren 17an ere gozatzera joango dira Seminarixora, taldeko gitarra-jole Andoni Agirreren arabera: "Finalean ondo pasatzea izango da gure lehen helburua, eta gero, ikusiko da. Presiorik ez diogu jarriko geure buruari. Horrez gain, harreman berriak eraikitzeko ere balioko du, eta hori polita da".
Malko, "gozatzeko gogotsu"
Amaitzeko, Oñatiko Malko ere egongo da urtarrilaren 17ko final handian. "Oso gogotsu" daudela dio taldeko bateria-jole Ander Igartuak: "Albiste oso pozgarria izan da guretzat Danbakako finalean egotea. Oso gogotsu gaude, eta disfrutatzera joango gara. Ea bailaratik musika-zaleak joaten diren Seminarixora, eta gai garen gure kantuak ezagutzen ez dituztenei ahalik eta ondoen zuzenean aurkezteko". Finaleko onenak izan eta sari nagusia irabazteko itxaropena badutela dio Igartuak: "Sari nagusia irabaziko bagenu, prest ditugun abestiak grabatuko genituzke, eta gero... prisa barik kaleratu. Baina ez dugu burua hor jarri nahi oraindik.... Lehen helburua finalaz gozatzea izango da, eta, ahal dugun heinean, publikoa gozaraztea".
'Danbakast': azken bi saioak
Danbakaren seigarren edizio honetan Seminarixoan gertatzen den guztiaren berri jasotzen du Danbakast bideopodcastak, musikaren ozeano zabaleko beste hamaika gai lantzeaz gain. Bada, urtarrilean bi saio ekoiztuko dira; finalaren atarikoa bata eta finalaren ostekoa bestea. Urtarrilaren 16an, finalaren bezperan, ikusi eta entzun ahal izango da hurrengoa, eta azkena, berriz, urtarrilaren 23an emitituko da. Azken saio horretan, seigarren edizio honetako saridunak izango dira protagonista.