Bularreko minbizia atzeman dioten emakume baten historia kontatuko dute, Whatsapp bidezko elkarrizketa baten eta kantuen bitartez, Hots abesbatzak domekan egingo duen elkartasun-kontzertuan. Izan Inurri elkartearekin batera prestatutakoa da, eta jasotako diruaren zati bat elkarte horrendako izango da. Gaur, eguaztena, baina, Izan Inurri elkartea zer den, nortzuek osatzen duten eta egiten duen lana ezagutarazteko, aurkezpen-ekitaldia egingo dute Santa Anan, 19:00etan. Gema Bikuñak (Oñati, 1974) eta Argiloain Perosterenak (Oñati, 1968) hartuko dute parte.
Minbizia gaia aukeratu du aurten Ganbarako Hots abesbatzak elkartasun-kontzerturako.
A.P.: Eta gu oso eskertuta gaude. Kontzertua oso polita izango da, eta, egun batzuk lehenago, gaiari buruz berba egiteko ekitaldi bat egingo dugu. Minbizia ez da arrotza, eta, berba egiten den arren, beti da lagungarria jakitea nora jo horrelako egoera bat bizitzea tokatzen denean. Izan Inurri elkarteak, esaterako, asko laguntzen du akonpainamenduan, eta egiten duen lana erakusteko ekitaldia antolatu dugu eguaztenerako, kontzertuaren atarian.
Zer da Izan Inurri?
A.P.: Minbizia bizi duten edo bizi izan duten emakumeek osatzen duten elkarte bat da, Euskal Herri mailakoa. Helburua da minbizia duen emakume horri babesa, laguntasuna, eskaintzea. Gehienak bularreko minbizia izandakoak dira, baina badira beste minbizi mota batzuk pasa edo pasatzen ari diren emakumeak ere, eta bakarrik ez sentitzeko espazio bat, eremu bat, eskaintzen du. Ekitaldi horretan, espazio hori badagoela komunikatu gura dugu.
G.B.: Egia da bakoitzak ahal duen moduan edo gura duen moduan bizitzen duela gaixotasun hori; batzuek bakarrik, agian. Modu guztiak errespetatzen dira, baina jakin dezatela, behintzat, ez dutela zertan bakarrik pasa, badagoela espazio bat non beste emakume mordo batek euren egoera ulertzen duten eta berba egin dezaketen euren kezkez, beldurrez, emozioez edo ilusioez.
Nortzuek hartuko duzue parte?
A.P.: Izan Inurri elkarteko Olatz Mercader etorriko da, eta hark hartuko du hitza, Ganbarakoek euren proiektua aurkeztu ondoren. Eta gu biok ere han izango gara. Gainera, elkarteko materiala eramateko asmoa dugu: egutegiak, kamisetak, zapiak...
Izan Inurriren parean, Oñatin, Txingurri taldea duzue sortuta, ezta?
G.B.: Bai, hori da; geurera ekarri dugu izena eta Txingurri jarri diogu. Hemen ere bagaude minbizia izan dugun edo pasatzen ari garen emakumeak, eta helburu berarekin sortu genuen: akonpainamendua egiteko. Ez ditugu elkartzeko egunak, orduak eta tokiak guztiz zehaztuta, baina bai taldetxoa eginda eta edozein momentutan elkarri lagun egiteko konpromisoa hartuta. Askotan, hitz egiteko elkartzen gara, kafe bat hartuaz, esaterako, ulertzen dugulako gaixoak deskribatu edo kontatzen duen sentimendu, beldur edo emozio hori, eta barrenak husteko oso ondo etortzen dira horrelako terapiak.
Nola lan egiten du Txingurrik?
G.B.: 2021eko abenduan sortu zen taldea. Bularreko minbiziaren eta minbizi ginekologikoko prozesua pasatako oñatiar batzuk elkartzen hasi ziren, eta, euren partekatzearen onurak ikusita, taldetxoa handitzen joan da. Lasai berba egiteko espazio seguru bat da, han gelditzen dira han esandakoak, inor ez da epaitua izaten eta errespetuz egiten da berba. Adibidez, tratamenduak gorputzean duen eragina, sortzen den antsietatea, sexualitatea... Berba egiteko gai asko izaten dira.
A.P.: Tribu bat da, minbizia modu zuzenean edo oso gertukoan bizi izan duten edo bizi dutenek osatutakoa, zu zeu izateko eta sentitzeko aukera ematen duen espazioa. Baita minbiziarekin ere bizirik gaudela sentiarazten digun espazioa ere. Oñatikoa Euskal Herri mailakoaren luzapen bat da. Madrildik ere etorri dira Euskal Herrira ikustera zelan lan egiten den, eta orain han ari dira beste inurritegi bat sortzen.
Nola batu daiteke taldera?
G.B: Oñatin elkar ezagutzen dugu denok edo gehienok, behintzat, eta guregana, esaterako, etorri izan dira emakume batzuk zuzenean, eurei ere minbizia atzeman dietela esanez. Bestalde, anbulatorioan utzita dugu harremanetan jartzeko telefono-zenbaki bat. Batzuetan, hango langileak dira gurekin kontaktatzeko modua eskaintzen dietenak, gura dutenean erabiltzeko. Nire telefono-zenbakia dugu jarrita: 687 58 65 34; eta posta elektronikoa: txingurrionati@gmail.com. Lasai deitu dezala beharra duenak.
Kontzertura bueltatuaz, nolakoa izango da?
A.P.: Domekan izango da, 19:00etan, Santa Ana aretoan. Hiru euskal konpositoreri pieza bana egitea enkargatu die Ganbarak, eta Josu Zubiak jarri dizkie hitzak hirurei. Hiru pieza horiekin hamaika abesti kantatuko dituzte. Izugarri ondo prestatu dute, kantu bakoitzak gaixoaldian sentitzen diren egoerak islatzen ditu eta. Adibidez: urduritasuna, ukazioa, beldurra, depresioa, onarpena, familia, borroka eta ausardia.
Salgai daude sarrerak?
A.P.: Bai. Hamar euro da sarrera, eta horietatik hiru izango dira Izan Inurri elkartearendako. Horrez gain, hamar, 25 eta 50 euroko ekarpenak egiteko aukera ere jarri du Ganbarak; kasu horietan, dena izango da elkartearendako. Oso eskertuta gaude iniziatiba horrekin.
Zertarako erabiliko du batutako dirua Izan Inurri elkarteak?
A.P.: Izan Inurrik erretiroak antolatzen ditu, eta horretarako izango da dirua. Nafarroan izaten dira, asteburu osokoak. Yoga, elikadura, ariketak, hizketaldiak... eta beste gai edo ekintza batzuk egiten dira erretiro horietan. Indarrak hartzeko ere balio izaten dute asteburu horiek.