EH Bilduk 2025erako Udal aurrekontu eta proiektu proposamena aurkeztu ditu

Xabier Urtzelai 2024ko abe. 13a, 18:40

EH Bilduren Udal Gobernuko kideek 2025erako hasierako aurrekontu proposamena aurkeztu dute, eta aurreikusi dute 22 milioi euro ingurukoa izango dela. Horietatik 2,5 milioi euro inguru aurreikusten dituzte inbertsioetarako. "Ohi moduan Oñatiren eta gizartearen beharrei behar moduko erantzuna ematera bideraturiko proiektuak proposatu ditugu", adierazi dute.

Azken hilabeteotan EH Bilduren Udal Gobernuko kideek landu duten aurrekontu proposamena aurkeztu dute, eta zenbait proiektu ere nabarmendu dituzte. "Kasu horietan proiektuak ez dira aurrekontu proposamenean islatzen, baina horrek ez du esan nahi datorren urtean exekutatuko ez direnik". Hala, aurrekontuari dagokionez zenbait puntu nabarmendu dituzte. Batetik, jakinarazi dute euren aurreikuspena dela aurrekontua 22 milioi ingurukoa izatea. "Kopuru horrek, 2024ko aurrekontuarekin alderatuta, %4,5 inguru egingo luke behera, 2024an, Next Generation laguntzei lotutako 2,16 milioi euroko ezohiko partida zegoelako. Ezohiko baldintza hori kontuan hartu barik, dena den, 2024koarekin alderatuta, %5 inguruko igoera luke 2025eko aurrekontuak".

Inbertsioetarako 2,5 milioi euro

22 milioi inguruko aurrekontu horretatik 2,5 milioi euro inguru aurreikusten dituzte inbertsioetarako. "Ohi moduan, Oñatiren eta gizartearen beharrei behar moduko erantzuna ematera bideraturiko proiektuak proposatzen ditu EH Bilduren Udal Gobernuak. Orain arte egin dugun bezala, inor bazterrean utziko ez duen proposamena landu dugu, merezi dugun herria egiten jarraitzea ahalbidetuko duena, bidezkoa, berdinetik berdinerakoa, anitza, oinarrizko beharrak erdigunean dituena, iraunkorra... Era berean, aipatu beharrekoa da ia 2 milioi euroko aurrezki arrunt positiboa izango lukeela aurrekontu proiektuak. Beraz, beste urte batez, Udalaren egonkortasun ekonomikoa bermatzen da".

Hainbat proiektu ere aurkeztu dituzte

Batetik, zaintzaren alorrean aurrerapausoak emateko konbikzioz dihardutela adierazi dute. "Dagoeneko sortuta ditugun zerbitzuak indartuz eta urrats berriak
diseinatuz. Horren adibide da etxez etxeko laguntza zerbitzuari lotutako partidan proposatzen dugun %11ko igoera. 2025ean 1,3 milioi eurokoa litzateke partida hori. Era berean, eguneko arreta zentroa indartzen jarraituko dugu, kasu honetan, 35.000 euroko aurrekontuarekin. Eta zaintzari dagozkionak, ez ditugu martxan dauden zerbitzuetara mugatuko. Zaintza eredu berrien inguruko lanketa hasiko genuke 2025ean, 20.000 euroko partidarekin".

Bestetik, aurrekontuok berdintasunaren alorrarekin duten konpromisoa islatzen dutela adierazi dute. "Berdintasunerako gobernantza helburu, genero-ikuspuntua sail ezberdinetara eramateko urratsekin jarraitzen dugu. Berdintasun departamentuan, esaterako, 100.000 euro aurreikusi dira halako ekintzetarako, hala nola, Jabetze Eskolarako, hezkidetza programarako, aholkularitza juridikorako.... Era berean, urrats sendoak egingo ditugu Emakumeen Etxean. Kasu honetan, besteak beste, 15.000 euroko partida sortuko genuke Emakumeen Etxea antolatzeko parte hartze prozesuarekin jarraitzeko. Bestetik, Berdintasun Kontseilua babesten jarraituko genuke, 20.000 euroko partidarekin".

Irisgarritasuna eta landa garapenari dagokienez, datorren urterako ere, egitasmo garrantzitsuak dituztela adierazi dute. "Adibidez, Oñatiko hamasei landa auzoen diru laguntza eta inbertsioetarako 300.000 euro pasako partida genuke. Ostera, 50.000 euroko partida bat genuke landa-lur partzelen digitalizazioarekin jarraitzeko. Eta, bestetik, landa auzoen irisgarritasunera bideraturiko partida berezi bat izango genuke, 50.000 eurokoa. Bestetik, esan beharrekoa da ikuspegi orokorrago batetik begiratzen dugula irisgarritasuna, herritar guztiondako erosoa izango den Oñati egiteko konpromisotik. Eta bide horretan, urrats berriak egingo ditugu herriguneko irisgarritasuna hobetzeko. Lan horietarako, adibidez, 2024koarekin alderatuta, 100.000 euroko igoera legoke, hau da, 400.000 eurokoa litzateke. Eta 40.000 euroko partida genuke aurreikusirik asfaltatzen lanetarako. Era berean, tokiko elikadura jasangarriaren eta elikadura burujabetzaren aldeko partida bat ere badugu aurreikusirik datorren urterako, 25.000 eurokoa. Partida horrek, hasia dugun prozesu bat sendotzen lagunduko luke, Elikadura Mahaia sortzea ahalbidetuz".

"Euskaran eta kulturan ere inbertsio handiak"

EH Bildutik adierazi dute arlo horietan ohiko partidekin eta helburuekin jarraituko dutela, Euskaltegiko bekekin, gazteen artean euskara sustatzeko ekimenekin, Euskaraldia moduko euskalgintza ekimenekin… "Eta ohikoa ez den partida garrantzitsu bat ere izango genuke: Euskaltegiak eta Txipistin jatorri anitzeko 6 eta 16 urte bitarteko herritarren programak darabilten egoitzaren eraberritzea. 400.000 euroko aurrekontua genuke horretarako. Kulturaren alorrean, bestalde, 100.000 euroko partida genuke jai batzordeen laguntzetarako; eta, kultura eta haur eta gazteria departamentuen artean, 110.000 eurokoa, herriko kultur eragile eta sortzaileen proiektuak laguntzeko. Gainera, 110.000 euroko partida genuke herriko jai egunetatik kanpoko kultur programaziorako.

Hezkuntzari dagokionez, "Oñati herri hezitzaile bezala indartu dadin jarraituko dugu lanean. ikastetxe eta hezkuntza komunitateko eragileen arteko elkarlanerako proiektuak lantzen jarraitzeko diru partida handituko genuke, orain arteko proiektuak indartu eta ditugun erronkak behar moduan heldu ahal izateko. 55.000 euro pasako aurrekontua genuke horretarako". Eta, mantenu gastuetatik harago, beste 200.000 euro bideratuko dituzte ezohiko inbertsioetara.

Garapen sozioekonomikoaren bidean herriko enpresa, ekintzaile eta komertzioei laguntzeko 30.000 euroko diru laguntza aurreikusten dute. Eta diote ekintzaile eta enpresa berriak babesten jarraituko dutela. Nabarmendu dute basogintzak ere leku berezia izango lukeela Udal gobernuaren 2025eko plangintzan. Bide horretan, 40.000 euroko partida mantenduko dute lur patrimonialen erosketarako. Eta horrekin batera, beste zenbait esku hartze garrantzitsu ere aurreikusten dituzte, besteak beste Olakuako putzua birgaitzea (75.000 euro). Esku-hartze integrala egingo dute herriko plazan eta plaza inguruko espazioan (420.000 euro). Eta, Parke Gorria 8-14 urte bitartekoendako egokitzeko proiektua (200.000 euro). Eta amaitzeko, Unibertsitate Zaharra herriratzeko helburua ere erakutsi dute, eta bertara lekualdatuko litzateke Turismo Bulegoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak