Izan Inurri elkartearekin batera egingo du abenduko elkartasun kontzertua Hots abesbatzak

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko abe. 10a, 14:12

Arantzazu Murua, Aitor Biain, Argiloain Perosterena eta Gema Bikuña gaurko aurkezpenean.

Gaixorik nago, eta zer? kontzertua prestatu du Hots abesbatzak abenduaren 22rako. Minbizia bizi duten emakumeek osatutako Izan Inurri elkartearekin batera egingo du. Elkarte horretako kide batzuk, gainera, nola lana egiten duten azalduko dute hurrengo eguaztenean Santa Anan, bakarrik ez sentitzeko espazio bat badagoela esatearekin batera.

Izan Inurri elkartearekin egindako elkarlana izango da Ganbararen aurtengo faktoria soziala. Gaixorik nago, eta zer? izena jarri diote Hots abesbatzak hilaren 22an egingo duen kontzertuarekin eta bularreko minbizia atzeman dioten emakume baten historia kontatuko dute, gaurko prentsa agerraldian Ganbara Faktoriako zuzendari Aitor Biain Bidartek azaldu duen moduan: "Whatsapp bidezko elkarrizketa bati jarraituta kontatuko dugu emakume horren historia. Irakurri eta entzun egingo du kontzertura joango denak, izan ere, elkarrizketako pasarteak Hots abesbatzaren kantuekin, piezekin, partekatuko ditugu. Emozio eta egoera ezberdina landuko dira".

Jon Saenz –Borroka–, Iker Gonzalez –Zulo Beltzetatik– eta Josu Elberdin –Ezeren esperoan– euskal konpositoreek lan bana egin dute, enkarguz, kontzertu honetarako. Josu Zubia oñatiarrarenak dira hiru pieza horietako letrak. Hiru pieza horiekin, hamaika abestiz osatutako programa entzungo da kontzertuan. Aitor Biainek zuzenduko du, pianoa Amaia Zipitriak joko du eta bakarlari gisa arituko dira Edurne Usandizaga eta Blanca Garcia de Amezaga.

Sarrerak eta ekarpenak

Kontzertua abenduaren 22an izango da, 19:00etan, Santa Ana aretoan. Sarrerak 10 euro balio ditu –internet bidez eta Txokolateixan salgai– eta horietako hiru Izan Inurri elkartearendako izango  dira. Hots abesbatzako presidente Arantzazu Muruak azaldu duen moduan, ekarpenak egiteko modua ere egongo da: "Hamar, 25 eta 50 euroko ekarpenak egin ahal izango dira. Diru hori dena izango da Izan Inurrirendako". Hots abesbatzako kide guztiak Izan Inurrik ateratako Hil arte bizi esaldia duten kamisetak eramango dituzte soinean. Batutako dirua 2025eko erretiroak antolatzeko erabiliko du elkarteak.

Aurkezpena hilaren 18an

Kontzertuaren aurretik, baina, hilaren 18an, Izan Inurri taldearen aurkezpena egingo dute Santa Ana antzokian, 19:00etan. Elkartea nork osatzen duen eta batez ere egiten duen lana zein den azalduko du taldeko Olatz Mercaderrek. Gema Bikuña eta Argiloain Perosterena oñatiarrek, berriz, Oñatin ere taldetxo bat badagoela azalduko dute eta ateak zabalik dituela gogorarazi. Hitzaldian galderak egiteko edo nork bere esperientzia kontatzeko aukera ere egongo da. Izan Inurriko materiala ere –egutegiak, kamisetak, zapiak...– egongo da ekitaldi horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak