Soinu digital asko erabili ditu Aiert Alberdi Elorza (Oñati, 2005) musikari oñatiarrak bere lehen diskoan. Durangoko Azokan dagoen lanetako bat da.
Kalean da lehen diskoa; egia bihurtutako ametsa?
Hori baino gehiago, lan handiaren emaitza. Lanordu askoren eta bidelagun izan ditudan pertsona askoren lanorduena.
Nolakoa da? Zer entzun daiteke?
Definizioz, bilduma politiko biziduna da diskoa eta euskarazko zortzi kantak osatzen dute. Soinu elektronikoen eta organikoen arteko tentsioa eta fusioa entzun daiteke momentu batean. Oihu gordinenak eta laztan intimoenak ere jasotzen ditu. Esango nuke intimitatean oinarritzen dela, baina horren alde gordinena eta goxoena hartuz. Eta kontzeptu honetara iritsi nintzen konturatu nintzenean abesti guztiak lotzen zituena zela –Paul B. Preciado teorialari feminista eta queer-ak esan moduan– bizipen politiko edo biolentzia estruktural baten erantzun edo erreakzio batetik sortutakoak izatea. Nire eraikuntza artistikoan eta politikoan eragina izan duten ertzei, eta beste pila bati, egindako bilduma da. Somateka da estratifikazio mota bat; pairatzen duzun biolentzia jasanezina denean sortzen da estruktura bat zure gorputzaren estratu bihurtzen dena, eta hor pairatzen duzu mina jasangarria izateko, gorputzak bizi-auteko eta, aldi berean, armadura bilakatzeko.
Zeri edo nori abesten diozu?
Zapaldua den gorputz orori.
Zeureak dira doinuak eta hitzak?
Bai. Ekoizpenean, El Tigre Estudios-eko Jon Agirrezabalaren laguntza izan dut; produkzioko lanaz gain, ekarpen handia egin dio diskoko sorkuntza artistikoari ere.
Gitarraz gain, beste zein instrumentu entzuten da?
Soinu digital asko erabili ditugu. Ahotsa ere tresna moduan ulertu dugu, eta horrela erabili, erabilera ezberdinak emanez. Txaloak, oihuak... ere badaude; akaso, ez direnak musika kontsideratzen, baina kontzeptuarekin oso bateragarriak direnak.
Zer erlazio dago kantuen artean?
Zaurgarriak, sentsibleak dira kantuak; denok gara hauskorrak, nire ustez. Bestetik, gitarra bai, baina kanta askoz elektronikoagoetarainoko saltoa ere badago euren artean.
'Ama' kantua da bat; hori lehenagotik datorrena da, ezta?
Bai. Lehen diskoa da eta orain dela urte batzuetako abestiak ere badatoz bertan. Ama kantua 13-14 urterekin sortutakoa da, bildumako zaharrena, eta abesti biluziena edo organikoena. Gitarrak eta ahotsak izan behar zuten protagonistak han.
Olatz Salvadorren kolaborazioa duzu kantu baten; nolakoa izan da elkarlana?
Oso berezia. Aspalditik jarraitzen dut haren musika, eta Autodefentsa moduko kantu bat materializatzea, harekin egitea, ikusten nuen. Autodefentsaren beharretik, horren faltagatik sortzen da Autodefentsa, etsipen oihu bat, baina bortitz bihurtzen den oihua, eta deia, autodefentsa kolektiborako.
Noiz entzuteko da egokia diskoa?
Nahiko intimoa da, baina oso aldakorra ere bada, eta modu eta momentu askotan entzungarria.
Nola bizi izan duzu prozesua?
Buruko min askoko eta gozamen handiko prozesua izan da, baina egin behar nuena hau zela iruditzen zitzaidan, eta hori sentitu dut prozesu osoan. Eta laguntzaile asko izan ditut.
Hainbat kontzertu emandakoa zara, baina diskoa aurkeztekoak izango dute beste xarma bat, ezta?
Bai; forma berezia hartuko dute aurkezpen kontzertuek. Bakarrik egongo naiz eszenatoki gainean, baina ez dut gitarra bakarrik izango alboan. Prest eta gogotsu nago askotariko espazioetan jotzeko.