Umorezko antzezlan berritua estreinatuko du asteburuan Ikusi Makusi taldeak

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko aza. 26a, 17:57

Ikusi Makusi taldeko partaideak (Argazkia: Joxe Fernandez).

Duela hemezortzi urte Asun Arzuagak idatzi zuen Zenbat urte dako amamak? obra moldatu dute eta horixe da asteburu honetan estreinatuko dutena. Ordubete pasatxo irauten duen umorezko lana da eta aurrekoak baino euskarazko zati gehiago.

Asteburu honetan estreinatuko du Ikusi Makusi antzerki taldeak bere azken lana: Zenbat urte dako amamak? Ohikoa duten moduan, Pake Leku elkarteko bazkideendako doan egingo dute lehen emanaldia; egubakoitzean, izango da hori 17:30ean. Eta bigarrena herritar denendako izango da; zapatuan, 19:00etan. Sarrera bost euro izango da.

Umorezko antzezlana

Duela hemezortzi urte egin zuten lehendabiziko aldiz antzezlan hau. Orain, berriz estreinatuko dute aldaketa batzuk eginda. "Denbora aldetik laburtxoagoa da orain, ordubete pasatxo irauten du. Elebiduna da, gazteleraz eta euskaraz hitz egiten dute aktoreek, baina oraingoan lan honetan euskarazko zati gehiago daude. Aldaketa horiek eginda ere umoreari eusten dio eta ikus-entzuleak dibertituko direla uste dugu ikustera etortzen direnean", dio taldeko kide den Adela Korkostegik.

Korkostegiz gain, Tere Zubia, Arantxa Bengoa, Arrate Kortabarria, Belen Arregi, Iñaki Igartua, Joxe Ramos eta Asun Arzuaga dira antzezlana prestatu dutenak. Arzuagak idatzi zuen duela ia bi hamarkada, eta oraingoaren zuzendaria eta gidoilaria ere bera da.

Bi kokaleku

Arrate Kortabarria da bere adina esan gura ez duen amama eta etxeko senideak izango ditu ondoan antzezlanaren zati batzuetan, eta lagunak bestetan. "Bi kokagune nagusi ikusiko dira oholtza gainean: egongela bat eta estetika zentro bat. Biak egongo dira muntatuta eta antzokiko argiekin jolastuko dugu asko, eszena bakoitza ondo argiztatuz. Musika ere erabiliko dugu", dio Korkostegik.

Astean birritan entseguak

Antzerkia lantzeko tailerra dute Pake Leku elkartean eta astean behin elkartzen dira esku artean duten antzezlaneko testuak irakurtzeko eta lantzeko. Emanaldiak gerturatu ahala, antzokira pasatzen dituzte prestaketak; astean birritan elkartu dira azken asteetan, Santa Anan. "Sekulakoa da guretako talde hau. Barre egiten dugu, kontuak esaten ditugu eta burua ere lanean jartzen dugu, testuak ikasiz", zioen Tere Zubiak joan den asteko entsegu bat hasi aurretik, taldera batzeko gonbidapena eginaz.

Eskoriatzako Ausartak antzerki taldearekin jarrita daude harremanetan eta otsailean hara eramango dute asteburuan estreinatuko duten antzezlana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak