Unibertsitatea zaharberritzeko eta turismo bulegoa lekualdatzeko, 3 milioi euro jasoko dira

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko aza. 23a, 13:35

Azahara Dominguez eta Izaro Elorza, unibertsitate parean.

Dirulaguntza berri bat helduko da Oñatira, Next Generation funtsetik. Zehazki, 2.996.285 euroko laguntza jasoko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea zaharberritzeko eta turismo bulegoa bertara eramateko.

Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatearen fatxada zaharberritzeko eta herriko turismo bulegoa bertan kokatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2,9 milioi euro jasoko ditu.

Albiste horrekin pozik agertu da Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguez: "Oñatiko unibertsitatearen eraikinak gure lurralderako duen balio historiko-artistiko handiaz oso jakitun gara. Hori dela eta, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik mantentze-lan ugari egin ditugu horiek zaintzeko. Injekzio ekonomiko hori albiste bikaina da, aspalditik genuena, eta lanak bizkortzeko aukera emango digu".

Oñatiko alkate Izaro Elorza ere "pozik" dago notiziarekin: "Albiste pozgarria da. Hari esker, hasiera eman ahal izango zaie Oñatiko unibertsitatea zaharberritzeko eta turismo bulegoa lekualdatzeko lanei. Horrek aukera eskaintzen digu eraikina herriratzeko landuak ditugun beste zenbait proiektu abiarazteko, hala nola, ikasketa gelena. Finean, garrantzitsua da halako espazioak, balio historiko handikoak direnak, turismoari begirako ekintzetara ez ezik, herritarren erabilerara bideratzea. Hori izan da hasieratik bilatu duguna, eta, esan daiteke, uste baino motelago badoa ere, bide onean doala 2020an hasi genuen bidea".

Izan ere, Udaletik adierazi dute zenbait egitasmoren lanketari ekin ziotela 2020an, eta, horretan zela, erabilera turistikoko ondare historikoen errekuperaziorako laguntza argitaratu zela 2022an –Next Generation funtsetik eratorritako laguntza–. Aukera aprobetxatuta, eraikinaren zaharberritze eta turismo bulegoaren lekualdatze proiektuak deialdira aurkeztea erabaki zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Oñatiko Udalak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean egin zen eskaera, harena baita Oñatiko Unibertsitatea kontserbatzearen ardura.

Egingo diren esku-hartzeak

Aldunditik zehaztu dute esku-hartzearen helburua dela Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatearen birgaitze-premiei erantzutea eta turismo bulego berria egokitzea "turismo-helmugen lehiakortasuna hobetzea sustatzeko eta kultura-turismoa sustatzeko, tokiko erakundeek kultura-intereseko ondasun deklaratutako ondare historikoko ondasun higiezinetan sustatutako proiektuak babestuz, mantenduz eta birgaituz".

Egingo diren jarduera garrantzitsuenak hauek dira: fatxadaren eta erretaularen zaharberritze zientifikoa, irisgarritasuna eta jasangarritasun energetikoa eta turismo-bulegorako espazioen egokitzapena.

Gobernuak Euskadin duen ordezkari Marisol Garmendiak, bestetik, honako hau nabarmendu du: "Laguntza horiek agerian uzten dute Next funtsak Euskadira iristen ari direla, ez bakarrik industria-ehunera, digitalizaziora, deskarbonizazioaren erronkara, baizik eta Euskadiko ondare historiko-artistikoa berreskuratzen ere laguntzen dute, baita kultura-turismoarekin lotzen ere, kalitatezko enplegu-iturri gisa eta Gipuzkoako eskualdeen motor gisa, eta, batez ere, Oñatiko Unibertsitatea bezalako gipuzkoarrentzat hain garrantzitsua den ondare historikoa kontserbatzeko motor gisa".

Eraikina "herriratzeko" egitasmoak

Zaharberritzearekin eta turismo bulegoaren lekualdatzearekin batera, eraikina "herriratzeko" egitasmoak bultzatuko ditu Udalak, adibidez, ikasketa gelak. Halaxe adierazi du alkateak: "Next Generationetik eratorritako dirulaguntza horietara aurkeztu ez badira ere, turismo bulegoaren lekualdatzearekin batera, eraikina herriratzeari begirako bestelako proiektuak abiaraziko dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak