Aurreko urtean baino bi indarkeria kasu gehiago artatu zituzten 2023an, 22

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko ots. 28a, 16:47

2023an artatutako indarkeria matxisten taula (Iturria: Protokolo mahaia).

Oñatiko indarkeria matxistaren arretarako instituzio arteko koordinazio protokoloaren mahaiak 2023ko txostena egin du eta hor jaso du Oñatin, 2023 urtean, 22 indarkeria matxista kasu artatu dira. Aurreko urtean baino bi gehiago baina aurreko urteetan baino nabarmen gehiago.

2024ko otsailaren 7an bildu zen Oñatiko indarkeria matxistaren arretarako instituzio arteko koordinazio protokoloaren mahaia, eta han aurkeztu zituzten 2023 urteak indarkeria matxistari dagokionean Oñatin utzitako datuak. Udaleko berdintasun, gizarte zerbitzu eta udaltzaingoak jasotako datuak Ertzaintzak jasotakoekin eta osasun zentroak jasotakoarekin osatu dituzte. Datuak aztertu, egoeraren gaineko irakurketak partekatu eta aurrera begirako erronka eta urratsak finkatu zituen mahaiak, joan den urtean egin moduan.

Indarkeria psikologikoa gehien

Mahai horrek egindako txostenak jasotzen du Oñatin 2023 urtean, 22 indarkeria matxista kasu artatu zituzte. Aurreko urtean baino bi gehiago baina aurreko urteetan baino nabarmen gehiago. Adinari buruzko datuak ere badakar, Oñatiko Berdintasun sailetik bidali duten oharrean azaltzen den moduan. Oharrak dio, askotariko emakumeak dira laguntza eske gerturatu direnak, bai adin bai eta bestelako faktore sozio-ekonomikoei dagokienean ere. 25 eta 45 urte artean dituztela emakume gehienek, nahiz eta adin tarte ezberdinetako emakumeak diren gerturatzen direnak. Indarkeria motari dagokionez, psikologikoa da gehien identifikatzen duten indarkeria mota, oharrean datorrenez; indarkeria fisikoa litzateke hurrengo identifikatuena, ekonomikoa eta baita sexuala ere. Emakume horietako askok seme alabak ere badituzte eta seme alaba horiek ere indarkeriaren
biktima izaten dira maiz. Kasu horietan ere indarkeria psikologikoa da gehien identifikatzen dena, eta kasu batzuetan indarkeria fisikoa ere bai.

Erasotzaileei dagokionean, erdiak baino gehiagok 40 urte baino gutxiago dituzte, eta ia kasu guztietan bikotekidea edo bikotekide ohia, eta kasu gehienetan erasotzaileak biktimarekin bizitzen jarraitzen du.

Komunikazioa ona izatea, garrantzitsua oso

2023 urtean erakundeen arteko koordinazio egokia baloratu dute, zehaztuz deribazioak era egokian egin direla, eta elkarren arteko komunikazio sareak indartsuak direla. Sarearen garrantzia nabarmendu izan da aurreko urteetan, izan ere protokoloaren sinatzaile diren erakunde guztien ardura da indarkeria egoerak salatzen dituzten emakumeen arreta prozesu integralak eskaintzea, eta unean uneko artatzeaz gain ahalduntze, osatze eta erreparazio prozesuak laguntzea.  Komunikazio onaren bidea ahalik eta era koordinatuenean egitea da erakundeen erronka, eta bide horretan, baliabide falta nabarmendu zuten oharrak dakarrenez; Ertzaintzaren eta osasun zerbitzuen kasuan batik bat, errelebo falta eta zerbitzuen saturazioa jarri ziren mahai gainean. Baliabide eskasia honek zuzenean eragiten du indarkeriaren identifikazioan, bai eta salatzen duten emakumeen arretan eta prozesuan ere.

Aurrera begirako erronken artean, profesionalen gaikuntza eta zerbitzuen eta instituzio ezberdinetan garatzen diren prozesuen gaineko jakintza partekatzea izan zen. Horren bidez, arreta hobetu eta bide-laguntza egokiago bat eskaintzea litzateke helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak