Gaur, egubakoitza, estreinatuko da zinema-aretoetan Marco filma, Aitor Arregiren eta Jon Garañoren azken lana, eta Oñatin ere asteburu honetan egongo da ikusgai. Gainera, herritarren artean ikusmina sortuko duela pentsatuta, normalean baino emanaldi gehiago izango dira, lau gehiago zehazki; bederatzi guztira. Egubakoitzean, zapatuan, domekan eta astelehenean birritan botako dute, 19:30ean eta 22:00etan; horiez gain, martitzenerako ere programatuta dago, 22:00etarako.
Mezua ikusleendako
Venezian erakutsi zuten filma lehendabiziko aldiz, hango zinema jaialdian, eta Donostiakoan ondoren. Orain, baina, zinema guztietara iritsiko da. Egin dituen aurreko lanen estreinaldietan egon izan da Arregi Oñatin, zinema-aretora joandakoekin berba egiteko eta lanaren ingurukoa eurekin partekatzeko. Gustatzen zaiola hori egitea aitortu izan du hark. Oraingoan, baina, ezinezkoa du; Kanariar uharteetan dago, Maspalomasen, beste produkzio batean grabaketak egiten, eta ezingo da hemen egon. Hala ere, adierazi du saiatuko dela "bideo bidez edo" herriko ikusleei mezua bidaltzen.
Zergatiak erakarrita
Enric Marco Batlle kataluniarra dago pelikularen erdigunean. CNT edo Lanaren Konfederazio Nazionaleko kidea, nazien kontzentrazio-esparruetatik bizirik irtetea lortu zuela esan zuen hainbat urtean, 2005ean guztia gezurra zela jakin zen arte. Haren historia erreskatatu baino gehiago, atzean zegoen erretratu psikologikoa ulertu eta erakutsi gura zuten zuzendariek lan horrekin: zergatik erabakitzen duen gezurra esatea, identitatea faltsutzea, zeren beharra duen hori egiteko...
Duela bi urte hil zen Marco, baina filmaren zuzendariek izan zuten aukera hura ezagutzeko eta harekin egoteko. 2006an jaso zuten haren gaineko dokumentala egiteko proposamena eta orduan hasi ziren lehen elkarrizketak egiten. Duela hemezortzi urte hasi ziren, beraz, film bihurtu den ikus-entzunezkoarekin. Zinema-aretoetara helduko da orain.