Uxue Otxoa: "Pandemiatik areagotu egin da psikologoon lana"

Julen Murua Mesonero 2024ko aza. 4a, 09:10

Otxoa, errendimenduaren eremuan espezialista den kirol psikologoa.

Bihotza ala burua? solasaldia antolatu du Aloña Mendik, kirol elkartearen 75. urteurrenaren baitan. Azaroaren 6an egingo da solasaldia, kultur etxeko zinema-aretoan, 19:00etan, eta osasun mentalaren gaia landuko dute Malen Osa goi-mailako kirolariak, Iñaki Igartua kirol egokituko kirolariak eta Uxue Otxoa errendimenduaren eremuan espezialista den kirol psikologoak; Eneko Azurmendi kazetariak egingo ditu moderatzaile lanak. Hain justu, Otxoarekin (Arrasate, 1990) izan da GOIENA, osasun mentalaren gaia kirol psikologo baten ikuspegitik lantzeko.

Nabarmena da osasun mentala kirolean geroz eta gehiago zabaltzen ari den gaia dela; zuen lana ere asko areagotu da?

Pertsonalki, asko areagotu da nire lana. Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan berbagai izan zen, eta garaien sentsibilizazioa igartzen hasi zen. Pandemia ostean, osasun mentalaren garrantzia ere azpimarratu zen, eta kirolari dagokionez ere beste lanketa eta zaintza bat behar duen esparru kontsideratzen hasi da.

Staff tekniko batean entrenatzailek duen garrantzia hartu du gaur egun kirol psikologo batek?

Prestatzaileak indar handia du, eta haren egunerokotasuneko presentzia ez dauka psikologo batek. Kirolera heltzen azkenak izan gara, eta nutrizionista, fisioterapeuta, mediku edo prestatzaile bat lehenago baloratzen da psikologo bat baino. Hala ere, gure lekua lortzen ari gara eta bagabiltza esparru hori lortzen.

Gaiaren bueltan hitz egiten dutenen gorakada bat dago?

Uste dut Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoen eta pandemiaren ostean izan dela gorakada. Gainera, sare sozialek eta teknologiak ekarri dituzte estimulazio eta dependentzia arazo handiak, eta horrek ere eragin du antsietate, kontzentrazio arazo, harremantzeko moduak aldatzea eta beste zenbait arazo. Uste dut horiek ere berbagai izan beharko liratekeela gizartean.

Osasun mentalaren gaiak zerekin du lotura handiagoa, taldekako kirolekin ala bakarkako kirolekin?

Osasun mentalaren gaiak guztiarekin du lotura. Jakin gura badugu ea zertan espezializatzen den gehiago edo zertan ikusten den gehiago lanketa, esango nuke bakarkako lan bezala finkatzen dela psikologo baten lana. Nik, behintzat, bakarkako lanketa behar duen askoz jende gehiago daukat apuntatuta agendan taldekako tailerrak edo lanketak baino.

Gaur egun, garaiz esku hartzen zaie osasun mental arazoak dituzten kasuei?

Ikusten ari gara badaudela prebentzio bezala kontsultan hitzordua hartzen duten pertsonak, nahi dutelako arlo mentala landu, eurentzat ere garrantzitsua delako. Baina oraindik ere askoz gehiago dira arazoren bat sentitzen hasi eta kontsultara deitzen dutenen kasuak: antsietatea, apatia, ezinegona, depresioa edo sintomatologia ezohikoak sentitzen dituztenen eta kontsultara etortzen direnen kopurua handiagoa da.

Zer esango zenioke horrelako arazo bat duen baina plazaratzera ausartzen ez den kirolari bati?

Ausartzen ez den pertsona horri esango nioke denbora hartzeko. Gertatzen zaiona kontatzeko beldurra izatea normala dela, baina norbere buruari laguntzeko oso aukera handia dela. Gainera, laguntza garrantzitsua izateaz gain, norbere burua ezagutu eta lantzeko aukera izatea modukorik ez dagoela ere esango nioke. Askotan, psikologoarenera joateko pauso hori eman aurretik, ikusten dugu etxekoei, taldekideren bati, bikotekideari edo kuadrillako gertukoei kontatzeak laguntzen duela, bultzada bezala, bukaerako urratsa egite aldera: psikologoarenera joatea. Nik animatu gurako nituzke azkenengo urrats hori egitera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak