"Iruñeko Erresuma sortu zeneko mendeurrenaren baitan", Orreagatik iragan hurbilera antzezlana taularatuko du Historia Oroituz antzerki elkarteak Oñatin. Zapatuan izango da Nabarralde elkarteak ekarritako antzerkia, 19:00etan hasita, Santa Ana antzokian; sarrerak bost eurotan egongo dira salgai antzokiko leihatilan –ikasleentzat doakoa izango da emanaldia–.
Seguratik datorren lana
"Segurako hogei antzezle amateurrek antzeztutako lana" dela dio Lourdes Imazek, antzezlaneko zuzendariak, eta euren helburua da "historian gertatu diren pasarteak taula gainean interpretatzea eta bi garai haien artean lotura bat sortzea; garai desberdinetako euskal herritarrek jasan dituzten erasoak azaltzeko, gertatutakoa ez dezagun ahaztu". Hainbat urtez ibili dira antzerki munduan lanean, eta euren azkenengo obran –Orreagatik ir gan hurbilera–, "Iruñeko Erresuma sortu zen garaian gertatutakoa azaltzea" da helburua. Imazek aurreratu duenez, antzerkia "bi garai ezberdinetan dago kokatuta: alde batetik, Baskoiek Orreagan Karlomagnoren tropak –frankoak– gailendu eta Eneko Aritza Baskoien lehen errege izendatu zuten garaietan –VIII. eta IX. mendeetan, gutxi gorabehera–; eta bestetik, XX. mendearen bigarren erdialdeari egiten dio erreferentzia, frankismo garaiari. Azken garai horri erreferentzia egiteko, zenbait esketx antzeztuko dira, garaiko irakaskuntza, erlijioaren indarra, jendearekiko errepresioa eta garai hartako beste hainbat egoera azaltzeko".
Garaiari egokituta
"Bereziki garai hartako egoera islatzeko egokitu den musika eta koreografia" erabiltzen dutela dio antzezlaneko zuzendariak. Era horretara, "antzezlanari indar handiagoa emateaz gain, gaztetxoenen interesa ere piztea" lortu nahi dutela aitortu du; izan ere, "Orreagatik iragan hurbilera antzezlanean oholtza gainera igotzen direnak 12, 14 eta 20 urteko neska-mutilak izaten dira, eta erakartzen dute publiko gaztea ere". Gainera, "antzezleek hika hitz egiten dute" lanean, "hitanoa erabiliz euskara sustatzea" ere badelako, Imazen hitzetan, Historia Oroituz elkartearen helburua.
Oñatiarrei gonbita
Euskal Herriko hainbat tokitan antzeztu dute lana dagoeneko, eta asteburuan Oñatin egiteko "irrikan" daudela dio Imazek. "Herritarrak antzezlana ikusteko gonbita" egiteko ere aprobetxatu du laneko zuzendariak.