Duranako Iturribero Mendi Taldeak antolatuta, Euskal Mendizaletasunaren Urteroko Gala egin zuten urriaren 18an Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Hainbat sari eta aitortza banatu zituzten. Besteak beste, urrezko intsigniak banatu zizkieten gutxienez 40 urtez jarraian mendi federatu izan diren guztiei. Multzo horretan sartzen da, duda barik, Jazinto Lizarralde Aiestaran oñatiarra. Bada, aparteko
beste aitortza bat jaso zuen oñatiarrak: Andres Espinosa Euskal Mendizale 2024 saria . Euskal Mendizale Federazioaren datu-basearen arabera, Lizarralde da urte gehien dituen gizonezko federatua: 93 urte bete berri ditu. Zigor Egia presidentearen eskutik jaso zuen oroigarria, hunkituta. "Urduri nengoen, baina hunkituta ere bai.
Urte asko dira mendiaz gozatzen, eta norbera gogoan izatea ohore handia da", esan dio GOIENAri Lizarraldek Oñatin, etxean.
Martin Zabaletarekin
Ekitaldia bera "oso berezia" izan zela dio, aspaldi ikusi bako lagunekin elkartzeko aukera izan zuelako. Besteak beste, Martin Zabaleta ikusi zuen, 40 urteren ondoren. "Martin Zabaletarekin Aizkorri inguruetan egin nuen topo, Everestera joan aurreko astean. Nik ez nuen hura ezagutzen, baina haren laguna bai. Ostean, Kilimanjaron ere elkartu ginen. Gasteizen berehala ezagutu genuen elkar. Gainera, Alberto Iñurrategi nire alboan egon zen ekitaldian, eta Edurne Pasaban ere ikusi nuen. Oso pozgarria eta hunkigarria izan zen ekitaldia".
Aizkorri kuttunena
Jazinto Lizarralde harakina izan da lanbidez. Harategiaren ordutegiak ez zion astegunetan mendiaz gozatzen uzten. Beraz, asteburuak aprobetxatzen zituen.
Aizkorri izan da haren mendi kuttuna –hainbat aldiz igo izan du egun berean–, eta 1987an Hiru Handiak probaren lehen edizioan parte hartu zuen. Erretiroa hartu ostean, 2000tik 2011ra, Santiago bidea egin zuen lau alditan, lau ibilbide ezberdinetatik. Guztira, 91 egun oinez eta 3.929,5 kilometro.
Egun, lasaiago dabil. Duela gutxira arte, Arantzazura oinez igotzen zen domekero. Igo eta jaitsi. Baina, 91 urterekin iktusa izan ostean, jaitsi bakarrik egiten da. "Motorrak ez dit gehiagorako ematen. Autobusean igotzen naiz eta oinez jaitsi. Beti txaleko islatzailearekin, autoek ondo ikus nazaten", esan du.
Gogoan dauka abendu bukaeran federatu txartela berritu behar duela. Aloña Mendiren bitartez egiten du tramitazioa: "Ez dakit zenbat urte daramadan federatua izaten, baina badakit hemen nagoen bitartean federatua izaten jarraituko dudala.
Mendiak bizitza ematen dit, eta ezin diot uko egin horri".
Beste saritu batzuk
Euskal Mendizale Federazioaren galan Debagoieneko beste ordezkari batzuk ere saritu zituzten. Urrezko intsigniak jaso zituzten Josean Mulasek eta Alvaro Arregik. Lehenak, eskaladaren munduan erreferente gisa egindako lanarengatik; eta bigarrenak, federazioko presidente kargutik egindako lanarengatik.