Lau minutuko aurrerapenarekin iritsi da Malen Osa (Oñati, 2002) hitzordura, dortsal barik dagoenean ere erlojuko orratzei aurrera egiten utziko ez balie bezala, asteburuan Suitzan jokatu duten GTWSko finalean egin duen moduan (2.20.05). Neke fisikoa daukala aitortu du, baina pozik dago egindakoarekin. Are gehiago, denboraldia amaitu berri dela jakitun, gorputzak izango duen beherakada aurreikusita dauka dagoeneko, hitzarmen bat sinatuta izango balute bezala. "Bi aste barru beste lasterketa bat izango banu, hobeto egongo nintzateke, tentsioa mantentzeak hori dakar eta. Baina gorputzak badaki denboraldia amaitu dudala eta bizpahiru asteko atsedenaldia datorrela". Izan ere, esfortzu fisiko handiko asteak izan dira hauek, eta emozionalki hilabete gogorrak. Infusio batekin ekin dio berriketaldiari, Aloñako tontorra atzean duela.
Hirugarren egin duzu munduan izen handiena duen zirkuituan: Golden Trail Series; barneratu duzu?
Egia esan, nahiko sentsazio arraroak ditut, denboraldi xelebrea izan delako. Bereziki, Golden Trail Series zirkuituan geldialdi luzea izan dut, Zegama-Aizkorri [maiatzak 26] lehiatu nuenetik punturik batu barik nengoelako; joan den asteko finalera arte zirkuituko lasterketa gehiago egin barik nengoen, eta denbora luzea izan da. Berez, abuztuko Poloniako lasterketarako [Tatra Sky Marathon] oso ondo prestatu nintzen, eta eguraldi txarragatik bertan behera utzi zutenean pena handia hartu nuen. Esango nuke hirugarren postu hau espero gabe etorri zaidala, baina pentsatu nahi dut diziplinaren eta konstantziaren ondorioa izan dela. Izan ere, lasterketetako emaitzak ez dira ikusgarriak izan, baina batu ditudan puntuek eraman naute podium horretara, eta pozik nago. Duela bi urte esan izan balidate Goldenetan hirugarren izango nintzela... ez nukeen sinistuko.
Presio handia zenuen azken lasterketa honetan? Izan ere, hainbat kontrario zuzen zenituen puntu gutxiko aldearekin.
Banuen presioa, bai. Azken batean, lasterketa estrategikoa egitera joan nintzen, nire martxan eta nire estilora; hau da, atzetik aurrera eginez. Eta, zorionez, lasterketaren bigarren zatian kontrario horiek gainditu ahal izan nituen. Egia da bederatzigarren postu bat ez dela horrenbeste baloratzen, baina oso pozgarria da ikustea lasterkarion maila zelan dabilen igotzen. Gaur egun benetan izan behar duzu egun ona aurrealde horretan ibiltzeko. Hala, iaz laugarren izan nintzen sailkapen orokorrean, aurten koska bat igo dut, eta hori gutxik egin dutela esango nuke; pozik egoteko modukoa da, bai.
"DIZIPLINAREN ETA KONSTANTZIAREN ONDORIOA IZAN DA HIRUGARREN POSTU HAU"
Hirugarrenaren eta zortzigarrenaren artean 69 puntuko aldea baino ez da egon.
Azken batean, denboraldi batean gorabehera asko egoten dira. Komunikabideetan emaitzak baloratzen dira, baina sailkapen orokor horretan beste korrikalari asko falta dira. Eta hor egote hutsak erakusten du denboraldian zehar ze konstantzia izan duzun, zelan egin duzun lan... Asko baloratzen dut aurten minik hartu ez izana, prozesuarekin gozatu izana, hilabeteak aurrera joan diren neurrian hobetzen joan naizela ikustea... Horrek eman dit aukera lasterketetan aurrealdean ibiltzeko. Egon dira korrikalariak finalean oso lan ona egin dutenak baina denboraldi hasieran pattal ibili zirenak, eta alderantziz, oso indartsu hasi zirenak baina gero min hartu dutenak. Hilabete askotan gorputzak ondo erantzun dit, eta horregatik egin dut hirugarren.
Oihartzun handia izan du finalean zelan helmugaratu zinen, Beti zurekin ama zioen elastikoa eskuetan zeneukala; momentu hunkigarria izan zen [abuztuan zendu zen Gurutze Ansa, Malenen ama, 57 urterekin].
Espero nuena baino oihartzun handiagoa izan du, egia esan. Garbi neukan zerbait berezia egin nahi nuela. Oso-oso urte gogorra izan da eta ama galtzea espero gabeko zerbait izan da. Ama egunero daukat gogoan, baina harekin detailea izan nahi nuen, eta, gainera, etxekoak ere bertan zeuden... Momentu hunkigarria izan zen, bai; nik uste dut bertan zeudenak ere konturatu zirela momentu berezia bizitzen ari ginela. Kirol emaitzatik haratago, nazioartean ere oihartzuna izan du kontuak eta... tira, polita izan da.
Diozu urte gogorra izan dela; fisikotik asko izango zuen, baina emozionalki ere hori guztia ondo kudeatzea...
Trail munduan buru-belarri ibiltzeak gauza onak izan ditu, batetik, baina baita txarrak ere, bestetik. Hau da, halako inpaktua sortzen duen gertaera baten aurrean, traila ihesbide handia izan da niretako, handiena. Besteak beste, inguru horretan beti eroso sentitzen naizelako. Azken hilabete gogor hauetan oso garrantzitsua izan da motibazioari eusten lagundu didan zerbait izatea, aurrera egitera bultzatu nauena. Beste alde batetik, egia da trailak sentipen batzuk estali ere egin dizkidala, eta gero, beste momentu batzuetan tsunamia etorri izan zait. Bai, hilabete hauetan zoriontsu izan naiz, baina oso momentu zailak ere izan ditut. Hala ere, harro nago zelan kudeatu dudan hau guztia, eta kirolak asko lagundu dit horretan.
"AMA EGUNERO DUT GOGOAN, BAINA AZKEN LASTERKETAN DETAILEA IZAN GURA NUEN HAREKIN"
Goldenetako zirkuituak aurten zortzi lasterketa izan ditu, munduko hainbat lekutan; zer behar da zirkuitu hori irabazteko?
Gauzak oso ondo egin behar dira, eta asko du, baita ere, estrategiatik. Inor ez da joaten lasterketa guztietara, lasterketa guztiak ezin dira-eta ondo prestatu, tartean lesioak egoten direlako edota sasoi puntuan gorabehera handiak izaten direlako. Horregatik, korrikalari bakoitzak dituen ezaugarrien arabera gehien egokitzen zaizkion lasterketak aukeratzen ditu, kontrario zuzenak nora doazen ikusi... Zirkuitua egitea erabaki nuenean ikusten nuen ze maila egon behar zen, eta benetan, ez nuen neure burua podiumean ikusten. Baina gero erregularra izan naiz, lehen esan moduan, konstantea, eta horrek eraman nau hirugarren postura.
Hau da, inork ez du zirkuitua osorik egiten?
Ez, ez. Gehiago esango dizut: ez dut uste ona denik zirkuitua osorik egitea, desgastea sekulakoa izango litzatekeelako. Eta, horrekin batera, bestelako lasterketa batzuetan ere egon nahi izaten dugu, edo gure markendako garrantzitsuak izaten dira. Helburua zirkuitu batean izatea ondo egoten da, baina bestelako lasterketak egitea ere ondo etortzen da: emaitza onak badira, motibatuta mantentzen zaituzte, lasterketa handietara hobeto iristen laguntzen dute... Gustatzen zait bestelako lasterketetara joatea.
"HILABETE HAUETAN KIROLA OSO GARRANTZITSUA IZAN DA, AURRERA EGITEN BULTZATU NAU"
Esaterako, aurten irabazi duzun Aiako lasterketara?
Hori da. Esango dizut sorpresa handia hartu nuela Aiako lasterketan, errendimenduari begira urteko momentu onenetakoa bertan izan nuelako, eta, lesio batetik nentorrenez, horrela hasteak txute handia eman zidan. Egia da lasterketa horiek ez dutela besteek duten oihartzunik, eta oharkabean pasatzen dira halakoak, baina asko gustatzen zaizkit. Presio gabe joaten zara, bestelako giroa egoten da... Nazioarteko lasterketetan, berriz, bestelako kontua izaten da. Astebeteko bidaia batean izaten dugun demanda mediatikoa sekulakoa izaten da: elkarrizketak, grabazioak... Eta, neurri batera arte, halakoetan ere gustura ibiltzen naiz, baina bai, halako bidaiak oso nekagarriak izaten dira. Askotan, etxean korrika egitea plazera izaten da.
Baina herri mailako lasterketak entrenamendu modura hartzen dituzuela esatea ere asko esatea da, ala?
Bai; izan ere, dortsala janzten badut ni ez naiz entrenatzera joaten, ni lehiatzera joaten naiz, izan Oñatin edo Txinan [Barre].
Aurten ze momentu nabarmenduko zenuke?
Nik uste dut aurten egin dudan lehenengo Zegama-Aizkorri betirako geratuko dela hor, une berezien artean. Asko gozatu nuelako, nire lehenengo maratoia izateko errendimendu ona izan nuelako, etxekoekin asko gozatu nuelako eta bigarren postuak dena borobildu zuelako. Baina esango nuke, emaitzetatik harago, aurtengo denboraldiak lagundu didala neure burua hobeto ezagutzen. Goi-errendimenduko kirolari batendako oinarrizkoak diren gauza asko finkatu ditut, eta etorkizun batean oso beharrezkoak izango ditut. Kontu honi buelta asko eman dizkiot, eta esango nuke oinarri oso sendoa eraiki dudala, ikaskuntza urtea izan dela. Ikusten ez diren gauzak dira, baina atseden hartzen ikasi dut, gimnasioko indar ariketei garrantzia eman diet, ordekan korrika azkarrago egiten saiatu naiz, lasterketan zehar nutrizioa hobeto zaintzen ikasi dut... Eta badira kontuan hartu beharreko beste detaile batzuk, friki samarrak direnek bakarrik menperatzen dituztenak baina errendimenduan oso lagungarri direnak. Hain zuzen, halako detaile txikiak geroago eta gehiago zaindu behar dira, maila igotzen dabil eta.
"IKASKUNTZA URTEA IZAN DA, USTE DUT ETORKIZUNERAKO OINARRI SENDOA JARRI DUDALA"
Zelan daramazu kontrarioen aurrean zeure burua ez gutxiesteko egiten diharduzun lanketa?
Esango nuke aurten gorabehera dezente izan ditudala, eta, bere neurrian, baina gorabehera horiek ere interesgarriak dira. Egia da urte hasieran konfiantza handiagoarekin ibili nintzela eta denboraldi amaiera honetara zalantza gehiagorekin iritsi naizela. Eta, seguruenik, pasatu den guztiak ere ez du lagundu. Lehen aipatu dut inoiz baino hobeto lan egin arren lehiaketa askotan ez dudala hori islatu, eta, kanpotik ikusita urte oso ona egin dudala badirudi ere, nik garbi daukat askoz gehiago eman dezakedala. Azken final honetara, esaterako, konfiantza gutxirekin iritsi naiz, baina tira, urtea bera izan da diferentea eta psikologoarekin lan oso ona egiten nabil; hura ere nire taldearen parte da, eta izango da. Azken batean, goi-errendimenduko kirolariak oso zorrotzak izaten gara geure buruarekin, eta erlatibizatzen jakin behar da; entrenamendu txar bat egin izanak daukan garrantzia daukala, ez handiagoa. Hala ere, hain zuzen, exijentzia maila horrek eramaten gaitu elitean lehiatzera; frustrazio horietatik ere hobekuntzak etortzen dira. Oreka bilatu behar da.
Neguan ze asmo duzun aurreratzerik bai?
Bada, nik ere ez daukat oso garbi [Barre]. Hiru aste barru, Alpeetarako bidea hartuko dut; korrika egiteko zapatilak mendiko eskiekin aldatuko ditut, eta epe motzean dudan helburua Espainiako selekzioarekin Munduko Kopan parte hartzeko txartela lortzea da. Azaroaren 23an daukat lasterketa bertikal bat, eta hor lan ona egiten badut abenduaren 14an Frantzian izango naiz. Iaz, Espainiako txapeldun izan nintzen bertikalean, eta badut txartela lortzeko esperantza. Eta hortik aurrera, joango gara ikusten. Martxoko lehen astean, berriz, Munduko Mendiko Eskiko Txapelketa jokatuko dute, eta hor ere egon nahiko nuke.
Datorren urterako asmoen gainean galdetzeko goiz samar izango da oraindik...
Tira, Goldenak bai izango ditut helburu moduan, zalantza barik, baina oraindik ez dut erabaki ze lasterketatan izango naizen. Eta Canfrancen irailean jokatuko duten Munduko Txapelketan (WMTRC) ere parte hartu nahiko nuke, baina horretarako sailkatu egin behar naiz. Helburu anbiziotsua da, 45 kilometroko lasterketa delako, sei ordu inguruko proba.
Distantzia horien gainean berbetan, eta amaitzeko: Zegaman aurten egin duzun lana eginda, urteroko hitzordu bilakatuko da?
Zegama-Aizkorri prestatzen hasi nintzen momentuan neure buruari agindu nion ez zela urtero egingo nuen lasterketa bilakatuko. Ez da-eta bideragarria. Hor aurrean egon nahi baduzu aurretik lan asko eskatzen duen lasterketa bat da, eta ondoren denbora luzez hartu behar da atseden. Aurten desgaste handia eragin zidan; gogoan dut zenbat kosta zitzaidan Zegamatik errekuperatzea. Denboraldia baldintzatzen duen lasterketa horietakoa da Zegama; horrenbestez, ikusiko dugu egutegira egokitzen den.