244.000 euroko (BEZ barne) aurrekontua izan du bigarren faseak, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailaren diru laguntza jaso du –oraindik argitaratu barik dagoen Hezkuntza sailaren diru laguntza deialdira aurkeztea ere bada asmoa–.
"Oñatiko Udalak herriko jolas gune sarea hobetzen dihardu azken urteetan, horiek unean uneko beharretara eta ereduetara moldatzen. Urgainen egindako esku hartzea bide horretan doa. Helburua da herriko txikienak naturarekin lotuko dituen jolas eremu inklusibo eta komunitarioa eskaintzea, berdea, berritzailea…", azaldu du Asier Lauzurika Arrondo Hezkuntza batzordeburuak. Horrez gain, esperimentazio zuzenaren bidez ikasteko testuinguru bizia eskaintzea ere badu xede proiektuak.
Lur Paisajistak enpresak egin du proiektua eta hiru fasetan gauzatzea espero da –azken fasea dago egiteke–. Oro har, lehen moduan, herritar guztiek dute erabilgarri jolas eremua –Urgaineko ikasleek darabilte astean zeharreko eskola orduetan, eta, hortik kanpo, asteburu eta jai egunetan barne, herritar ororen esku dago–. "Guztientzako leku atsegin bat sortu gura izan da. Egokituriko berdegunea eta harmailak, esaterako, oso lagungarri dira horretarako, eta espazioaren erabilgarritasuna eta erabilera indartzeko aukerak sortzen ditu", argitu du Hezkuntza batzordeburuak.
Jolasen garrantzia
Jolas gune horrek izan duen eraberritze lanek aldaketa garrantzitsuak ekarri dituela adierazi dute Urgain eskolak. Maider Rivera eskolako idazkariak adierazi duen moduan, "ikasle denei ematen die tokia jolas gune honek" eta "liskarrek gutxira egitea ahalbidetu" duela gaineratu du Jon Mikel Larrañaga ikasketa buruak. Lore Jimenezek, Urgain Herri Eskolako Zuzendariak bestalde, jolasak umeengan duen garrantzia azpimarratu nahi izan du: "Jolasean ikasi egiten dugu. Jolas gune honetan era guztietako jolasak egin daitezke eta era berean ikasteko, esperimentatzeko, aukera ematen du".