Hasi dira elkar ezagutzen Auzoko egitasmoko kideak

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko urr. 17a, 17:10

Duela hamabi urte hasi zuen ibilbidea auzoko egitasmoak Oñatin, eta, oinarrizko euskara ikasteaz gain, harremanak sortzea eta herria ezagutzea izango ditu helburu aurtengo ikasturtean ere. Eguaztenetan elkartuko dira, Eltziako hirugarren pisuan

Oñatira etorri berriak direnak edo orain arte euskararekin harremanik izan ez dutenak euskarara hurbildu gura ditu Auzoko egitasmoak, euskaraz dakiten herritarrekin batera eta ekintzen bitartez. Duela hamabi urtetik ari da Auzoko Oñati helburu horrekin lanean, eta horrela egingo du astean aurkeztu eta datorren eguaztenean hasiko duten ikasturtean ere.

Ekintzak eta jolasak

Aurtengo deialdiak izandako harrera ona dela ikusita, bi talde egingo dituzte, kurtsoan zehar hirugarrena sortuz gero horri ere tokia gordeta. Eguazten arratsaldeetan elkartuko dira Auzokok Eltzian duen espazioan, hirugarren pisuan, eta hantxe hasiko dira elkar ezagutzen eta euskarazko oinarrizko hitzak eta esaldiak ikasten. "Hitzekin, esaldiekin, egoerekin, jolasak egingo ditugu, eta, behin eta berriz eginda, ahoskatuta, egunerokotasunean erabili ohi ditugun oinarrizko berbak edo esaldiak ikastea da helburua", dio dinamizatzaile lanetan arituko den Oneka Anduagak. Oinarrizko euskara batetik, baina harremanak egitea eta herrian sartzea, herria ezagutzea, ere badira Auzokoren helburuak. Anduagak gaineratu du sei bat astean behin ekintzak ere egingo dituztela, herrira aterata edo Eltzian bertan dauden herriko beste eragile batzuekin batera: "Behin, argazki-saio bat egin genuen Ilunpetan taldekoekin, Xabi Mendizabalekin erraldoi txiki bat egin genuen beste behin eta Oñatiko Inauteriak taldekoekin Aratusteetako dantzak ere ikasi genituen, adibidez". Aurtengo lehen ekintza zein izango den ere aurreratu zuen Anduagak: clown saio bat Algaraz taldekoekin.

Ateak zabalik

Oñatiko Udalak, Txatxilipurdik eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean sustatutako proiektua da Auzoko, dagoeneko zazpi herritan martxan dagoena. Orain arteko ibilbidearekin "oso pozik" daudela adierazi zuen aurkezpenean Udaleko Ongizate Zerbitzuetako batzordeburu Lierni Altubek: "Beharrezkoa den proiektu bat da. Hamabi urtez ari da egiten, dagoeneko ezaguna da herrian, indartzen ari da, eta oso pozgarria da hori".

Auzokok ikasturte osoan izango ditu ateak zabalik, Eltzian, auzokide edo auzotar gehiago hartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak