Laura Oleaga: "Erradiologia-proben gaineko informazioa zabaldu behar da"

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko urr. 18a, 18:00

Laura Oleaga Zufiria neurorradiologo oñatiarra Santa Ana parkean.

Bartzelonako Clinic ospitaleko neurorradiologoa eta Monclinic Fundazioko Corelab-eko zuzendaria da Laura Oleaga Zufiria (Oñati, 1959). Aitortzaz beteriko ibilbidea egin du –tartean, Europa mailakoak–, eta ikerketan jarraitzen du. Goienagusik antolatuta, Irudi medikuen atzean dauden sekretuak izeneko hitzaldia egin berri du jaioterrian. Bete egin zen Santa Ana aretoa.

Röntgen fisikari alemaniarrak aurkitu zituen X izpiak eta 1895an egin zuen historiako lehen erradiografia; lehen urte haietan ferianteen atrakzio izan zen aurkikuntza.

Erraza zen erradiografiak egitea, eta mundu guztia txundituta zegoen giza gorputza barrutik ikusteko aukera zegoelako. Ferietako atrakzio bihurtu zen, baina laster konturatu ziren azalean kalteak eragiten zituela, eta erabilera arautu egin zuten, kontrolatze aldera.

Marie Curiek, gerora, anbulantzia erradiologikoak asmatu zituen.

Hogei bat anbulantzia prestatu zituzten alabaren eta bien artean, eta lubaki- guneetara joaten ziren zauritutako soldaduei erradiografiak egiteko. Oso lagungarriak izan ziren soldatu haien gorputzean sartutako jaurtigai-hondarrak detektatzeko. Lehen Mundu Gerrako kontuak dira.

The Beatles taldeari zor diogu eskanerraren sorrera?

Godfrey Hounsfield-ena da aurkikuntza, baina, neurri batean, bai. EMI argindar enpresako langilea zen Hounsfield, baina enpresak bazuen beste negozio-ildo bat: diskoetxea. The Beatlesen diskoetatik ateratako etekinekin finantzatu zuten lehen eskanerraren garapena.

Urte gutxian aurrerapen handiak egin dira erradiologian; zeintzuk dira erabilpen nagusiak?

Erradiografiak, ekografiak, eskanerrak, erresonantzia magnetikoak... Erradiologia-probak dira guztiak. Gorputz-atalak bereizmen handiarekin barrutik ikusteko aukera dugu. Ikusten ditugu kolapsoak, buxadurak, tumoreak... Bai, erradiologia erabakigarria da diagnostiko eta tratamendu asko erabakitzeko. Orain, gainera, erradiologia interbentzionista ere egiten dugu; askotariko malformazioak tratatzen ditugu pazientea operatu barik. Nahikoa da ebaki txikiak egitea kamerei esker askotariko malformazioak tratatzeko.

Adimen artifizialeko erremintei esker, gainera, are gehiago aurreratzea aurreikusten duzue.

Eskanerretan eta erresonantzietan, esaterako, esposizio-denbora nabarmen laburtzen ari gara. Adimen artifizialeko makinak gai dira informazio jakin bat bakarrik jasotzeko, teknikari baten beharrik gabe gorputz ataleko puntu konkretu bat lokalizatzeko, jarraipena behar duten pazienteen kasuan irudia beti puntu berberetik jasotzeko, eta kaltetutako organo bateko ze zelula galdu diren betirako eta tratamendu egokiarekin zein berreskuratu daitezkeen esateko. Eta hori guztia, zehaztasun handiarekin.

Diagnostikoak hobeto egiten lagunduko dute, hortaz.

Zalantza barik. Medikuek egiten dituzte diagnostikoak, eta hori horrela izango da beti, baina makinak gai dira giza begiari ihes egiten dizkioten anomalia txikienak ere detektatzeko. Asko lagunduko dute.

Pazienteak gehiago eta hobeto formatu eta informatu behar direla azpimarratzen duzu beti.

Oso garrantzitsua da. Denok egin beharko ditugu horrelako probak noizbait, eta zertara goazen eta zer egingo diguten aldez aurretik baldin badakigu esperientzia askoz ere eramangarriagoa da. Ikertuta daukagu. Heltzen zaigun paziente batek klaustrofobia duela esaten digunean erakusten dizkiogu instalazioak eta makinak, eta esaten diogu zer egingo diogun. Kasuen ehuneko handi batean lasaitu egiten da, eta ekidin egiten dugu anestesia. Erakunde publikoek –udalek, esaterako– lan handia egin dezakete osasun erakundeekin elkarlanean pazienteen formakuntzan eta informazioan eragiteko. Berebiziko garrantzia du.

Kezka handia duzue erradiologiak eragiten dituen osasun-arriskuen zein ingurumen-kalteen inguruan.

Energia asko kontsumitzen du erradiologiak, agortzen ari diren produktuak ere bai –iodoa–, eta kutsakorrak diren eta erraustu behar diren hondakinak sortzen ditu. Erabilera arrazionalizatu egin behar dugu, eta hondakinak gutxitu eta sailkatu. Lanketa horretan ere buru-belarri dihardugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak