Madalen Etxegarai: "Haurra nintzenean nuen ametsa betetzen nabil"

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko ira. 27a, 11:00

Madalen Etxegarai, Udako Master Laboral Kutxako txapelarekin. Argazkia: Ander Monedero

Joan den asteburuan Udako Master Laboral torneoko txapela lortu zuen Enara Gaminderekin batera Atano III. pilotalekuan. Elkarrekin jokatzen zuten hirugarren finala zen

Udako Master Laboral Kutxa torneoa irabazi berri du Madalen Etxegaraik (Oñati, 2005) Enara Gaminderekin batera, Arrate Bergararen (Bergara) eta Olatz Arrizabalagaren aurka. Hirugarren finala zuten batera; aurreko biak galduta, hirugarrenean iritsi zaie loria dastatzeko unea. GOIENA Etxegarairekin izan da, finala, txapelketa eta bestelakoak errepasatzen.

Iritsi da, azkenean, lehen txapela...

Bai. Lan handia egin dugu azken urteetan, baina ez ziren emaitza edo txapelak iristen. Azkenean, iritsi da txapela eta behingoan esan dezakegu egindako lan guztiaren emaitza iritsi dela.

Txapelketan ez duzue partidurik galdu; baina non egon da gakoa?

Lan handia egin dugun txapelketa izan da. Urte osoan ez gara gelditu, entrenatu eta entrenatu aritu gara. Txapelketan ere erregulartasuna izan dugu eta hori ere izan da gakoetako bat. Gainera, ez da lehen aldia Enararekin jokatzen dudana; kantxan oso ondo ulertzen dugu elkar, eta hor ere aldea nabaritu da.

22-12 irabazi zenuten; markagailua ikusita alde egon zela dirudi, baina ez zen horrela izan.

Oso partidu gogorra izan zen; batez ere, fisikoki. Oso final luzea izan zen eta nekatu ere ikaragarri nekatu ginen, eta markagailuak askotan ez du kantxan gertatutakoa islatzen. Asko sufritu genuen finala izan zen, baina tanto luze asko gure aldera erori ziren, eta horregatik markagailu hori.

Enara Gaminde ere aipatu beharra dago, hirugarren finala izan baita elkarrekin jokatu duzuena.

Bai; azkena Arrasaten jokatu genuen, binakako txapelketan. Ez da hirugarren txapelketa elkarrekin jokatzen duguna, baina finala amaitutakoan esan genuen: "Behingoan, iritsi da txapela". Hainbeste denbora batera jokatzen eta lan egiten, ez genuen lortzen ginga jartzea, eta, azkenean, iritsi da hainbeste itxarondako unea.

2019an 13 urterekin Uxue Osesekin batera promozio mailan irabaztea lortu zenuten; atzera begiratuta, zure amets onenean ere ez zenuen hau esperoko, ezta?

Ezta pentsatu ere. Orduan bi haur ginen pilotalekura jolastera joaten ginenak. Zumarragako final hartan geure burua jolasten ikusi genuen telebistan, eta hainbeste jenderen aurrean... Orain, ordea, jokatu egiten dugu. Haur haren ametsa betetzen ari naiz orain.

Ez zen ohikoa, gainera, horrelako gaztetxoak pilotan ikustea.

Ez, eta gu ere ez ginen kontziente zer lortzen ari ginen guretzat, emakumezkoen pilotarentzat eta Aloña Mendirentzat. Bost urte geroago ikusi dugu nola zabaldu den bidea behetik datozen gazteendako, eta hori izan da guretzat lortu dugun txapelik handiena. Orain, Aloña Mendiko emakume gazteek zein gainontzekoek erreferenteak dituzte, eta hori lehen ez zegoen. Atano III.a nola zegoen ikustea ikaragarria izan zen.

Horretan ere lagundu du Master Cup txapelketak; horrek markatu du bidea?

Bai. Federazioak baditu txapelketak, baina jarraikortasunik gabe. Master Cup izan zen denoi aukera hori ireki ziguna. Edozeinek eman dezake izena eta horrek ematen dio aukera edonori lehiatzeko edo txikitatik pilotan ikasteko.

Debagoienean pilotari asko daude; osasuntsu dagoen seinale, ezta?

Bai, egin den lan guztiaren seinale da hori. Ikaragarrizko lana egiten ari dira klubak eta federazioak pilotariak zaintzeko orduan, eta hori oso pozgarria da. Gaur egun, elite mailan batzuk bakarrik ari gara lehiatzen, baina ikusten da, gure kasuan Aloña Mendin zein beste talde batzuetan ere behetik badatorrela jendea, eta hori ere oso garrantzitsua da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak