Demokraziaren Berrikuntza jardunaldiek lehen edizioa izango dute aurten, urriaren 9tik 11ra egingo baitira Bilbon eta Arantzazun, Arantzazulab-ek antolatuta: "Askotariko adituen eskutik, helburu ezberdinak ditu jardunaldien zikloak: gaia eztabaida publikora eramatea; demokraziaren berrikuntzaren esparruko joerak ezagutzea eta eraldaketarako inspirazioa jasotzea; gogoeta partekaturako espazio bat sortzea; eta eztabaida hauek Arantzazulab-en lanarekin lotzea".
Hain zuzen, gaur goizean egin dute jardunaldien aurkezpena Bilboko Euskalduna Jauregian, eta han izan dira, besteak beste, Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren zuzendaria, Izaro Elorza Oñatiko alkatea, Xabier Barandiaran Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria, Julen Mendoza Ko-garri gizarte berrikuntzaren alorreko aholkularitza zerbitzuko arduraduna eta Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusia.
Demokrazian sakondu beharra
Goiaren hitzetan, "geroz eta handiagoak dira demokraziaren aurkako mehatxuak", eta lankidetzazko gobernantzaren "beharra" proposatzen dute "demokraziaren krisiaren alternatibatzat", erakundeen eta gizarte zibilaren arteko harreman eredua aldatzea helburu izanik. Aranbarrik ere demokrazian jarri du arreta, elkarbizitzarik ez dagoelakoan demokraziarik gabe: "Elkarbizitzak komunitatea indartzea eskatzen du, eta hori demokrazian sakontzetik, erakundeak indartzetik, herritarren parte-hartzea sustatzetik eta lankidetza publiko-pribatua areagotzetik lortzen da".
Elorzak, berriz, erronka berriei gobernantzarako modu berriekin erantzun beharraz hitz egin du: "Tokiko zein eremu zabalagoko erakundeetan herritarren partaidetzarako espazio berriak sortuz eta bitartekoak eskainiz. Horretan dihardugu Oñatiko Udalean. Bide horretan, gaia lantzeko Arantzazulab-ek antolatutako jardunaldiak aberasgarriak dira saretzeko, esperientzia desberdinak ezagutzeko eta gureak ezagutarazteko". Azkenik, etor daitezkeen ordenez jardun du Mendozak, eraldaketa egin daitekeelakoan: "Populismoak eraikitako ordena baterako bidea har dezake munduak, edo demokraziaren sakontzean eta herritarren ahalduntzean oinarrituko den ordena berri bat eraiki daiteke etorkizunean. Ataka horretan gaude, eta horregatik da pertinentea gaia".
Hizlariak eta izen-ematea
Hainbat aditu izango dira jardunaldietan, eta nazioartekoek emango dituzte hitzaldi nagusienak; besteak beste, han izango dira: Nicole Curato, Lucy Kimbell, Paolo Gerbaudo, Ingrid Burkett, Fang-Jui Chang eta Claudia Chwalisz. Horrez gain, iragarri dute gonbidatu "berezi bat" ere izango dela: Adam Kahane. "Kanadako Reos Partners erakundeko zuzendaria da, pentsalaria, hainbat best seller-en idazlea. Arantzazulab-en egonaldi bat egiten ari da, eta bere ekarpenak jasotzeko aukera ere izango da". Jada eskuragarri dago jardunaldien eta hizlarien informazioa webgunean.
Bilbon egingo da urriaren 9ko saioa, irekiera instituzionala, eta Oñatin izango dira gainontzeko biak, urriaren 10ean eta 11n. Irekiak dira guztiak, baina irailaren 24a baino lehenago eman behar da izena.