Energia-komunitatea sortzeko lehen saio irekia egingo dute bihar

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko ira. 17a, 09:53

Argia piztuta.

Herritarrek energia-komunitate bat sortzeko prozesua erraztu eta bultzatuko du Udalak eta prozesua abiatzeko lehen hitzordua bihar, eguaztena, egingo dute, Eltzian. Klimaren eta energiaren gaiarekiko kezka edo jakin-mina duen edonork har dezake parte. Bideo baten bitartez zabaldu du deialdia Udalak.

2023 - 2024ko partaidetzazko aurrekontuetan herritarrek proposatu eta aukeratutako proiektua da herritarrek energia-komunitateak sor ditzaten Udalak prozesua erraztea. Eta laguntza horretan, bihar, hilak 18, egingo dute lehen saio irekia. "Klimaren eta energiaren gaiarekiko kezka edo jakin-mina duen edonork har dezake parte. Saio irekia da, eta parte hartzaileak orduantxe hasiko dira energia-komunitateen bueltan sortuko litzatekeen espazioaren jardun modua zehazten", adierazi du Izaro Elorza Arregi Oñatiko alkateak. Asmoa da, lehen-lehenik, herritarrek osaturiko mahai bat eratzea, eta mahai horrek erabakiko du zein bide hartuko duten etorkizunean.

Horretarako, 40.000 euro bideratuko ditu Udalak, aholkularitza eta dinamizazio lanetarako -AISE kooperatibak egingo ditu dinamizazio lanak eta Goiener-ek emango du aholkularitza teknikoa-. "Proiektuak bete-betean egiten du bat Oñatiko Udalak iraunkortasunarekin duen konpromisoarekin. Garrantzitsua da energiaren alorrean ere herritarren partaidetzarako bitartekoak jartzea", argitu du alkateak. Xabier Igartua Loidik, zinegotzia eta Oñargiko presidentea, bestetik, energia-komunitateen onurak aipatu gura izan ditu: "Trantsizio energetikoak, energia eredua aldatu beharra dakar. Bide horretan, besteren artean, esangura handia dute energia-komunitateek: tokiko sorkuntzaren alde egiten dute, eredu demokratikoa bultzatzen da, eragina dute argindarraren fakturetan, ekarpena egiten diote tokiko ekonomiari, lagungarri dira herritarren sentsibilizaziorako...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak