Duela 50 urte Boiseko Unibertsitateko ikasle eta irakasle talde bat bertara etorri zela oroitu guran, Oñati aukeratu du Eusko Jaurlaritzak zazpigarren Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko.
Hala, bertan izan dira, besteak beste, Imanol Pradales lehendakaria; Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria; Maria Ubarretxena sailburua; Ander Caballero, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia; eta Gorka Alvarez, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria. Izaro Elorza alkatea buru, Oñatiko Udaleko ordezkaritza ere egon da bertan; baita Boiseko Unibertsitateak Oñatin antolatutako ikasturteetan parte hartu zuten hainbat estatubatuar eta haien senideak ere.
Kepa Errastik gidatuta eta Eltzia eraikinaren kanpoan eta barruan mugitu den ekitaldian zehar, Boisekoak Oñatira etorri zireneko hainbat pasarte gogoratu dituzte: iritsi ziren eguna nolakoa izan zen; euskara ikasteko izan zituzten gora-beherak; hasierako kultura-talka eta oñatiarrekin izandako hartu-emanak… Eta hori guztia, herriko hainbat talde eta norbanakoren parte-hartzearekin egin dute. Hala, modu batean edo bestean, Oñatiko Musika Bandak, Aita Madina txistulari taldeak, Oñatiko trikitilariek, Harrobi Dantza Bertikalak, Swingvergüenza taldeak, Ganbara eta Oñati abesbatzek, Oñatz dantza taldeak, XUP gazte taldeak, Aloña Mendiko saskibaloi sailekoek eta Maider eta Lide Arregi bertsolariek egin dute euren ekarpena.
Ikasturte "intentsua"
Behin Eltziako ekitaldia amaituta, San Lorentzoko ermita ondoan hartu dute hitza erakundeetako eta Boiseko espedizioko ordezkariek. Azken horien izenean Carmelo Urrak hartu du hitza. Azaldu du duela 50 urte bizi izandako ikasturtea "intentsua" izan zela, zeinetan euren bizitzak alde batera utzi eta elkarrekin elkarbizi behar izan zuten. "Batzuk bertan geratu ziren arren, beste batzuk bihotza Euskal Herrian utzi eta itzuli egin behar izan genuen, aldikako bisitekin konformatuz. Bihotz bi, gorputz bat". Era berean, eskerrak eman dizkie baita ere Oñatiri eta oñatiarrei: "Une historiko zail batean gazte horiek hartu zituzten, erakutsiz giza berotasunak muga asko zeharkatu ditzakeela".
Oñatiko alkate Izaro Elorzak bestalde, esan du ohore bat dela Oñatirentzat Euskal Diasporaren Eguna bertan ospatzea, eta horretarako arrazoiak ere aipatu ditu: "Hemendik ere asko izan ziren, arrazoi ezberdinak medio, azterrira joan zirenak, dena utzi eta herrialde berri batean hutsetik hasi behar izan zutenak. Herrialde horretako hizkuntza eta ohituretara moldatu behar izan zutenak, baina euren jatorria ahaztu barik; euskal kultura ondorengoei transmititu eta ez ahazteko saiakera etengabeagatik gaude hemen". Gaineratu du 1974an hasitakoa "mugarria" izan zela euskal diasporaren ibilbidean eta mundu zabalean sakabanatutako euskal jendartearen harremanetan, eta AEBetatik etorritakoei zuzenduta, esan die haiek ekarritako guztiak bizirauten duela Oñatin.
Euskal diasporaren papera, "funtsezkoa"
Imanol Pradales lehendakariak, bestalde, Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna "berezia eta esanahiz betetakoa" dela adierazi du diasporak egindako proposamenetik egiten delako: "Diasporak bere herriarekiko duen inplikazioaren adierazle garbia da hori". Gogora ekarri du, era berean, hamabost herrialdetan ehun ekitaldi baino gehiago egin direla gaurko egunaren harira. Era berean, eta Boiseko Unibertsitatetik Oñatira etorri zirenei erreferentzia eginaz, bertan ikasitakoa Amerikara eraman zutela eta euskal haziak berriz ere erein zituztela adierazi du, eta eskerrak eman dizkie bere momentuan "ausartak izateagatik" eta euskal hazia "egunero zabaltzeagatik".
"Milaka eta milaka euskaldunek han eta hemen, munduko bazter guztietan egindako ekarpenari esker gure hizkuntza eta gure kultura nazioarteko dimentsio batera eraman ditugu elkarrekin", gaineratu du Pradalesek, eta etorkizunera begira ere hitz egin du: "Orain, aldaketa garai honetan elkarrekin irudikatu behar dugu gure arteko harreman berria, diaspora berriarekin harreman berria, alegia". Datozen urteetan Euskadik nazioarteko testuinguruan asko duela jokoan nabarmendu du: "Estrategia global eta nazioarteko bat saretu behar dugu, euskaldunok berriro ere itsaso eta mundu berriak zeharkatzeko, gure herriarentzako oparotasunaren bila. Euskadi global batez ari naiz eta helburu horretan funtsezkoa da euskal diasporaren papera".
Lehendakariak, era berean, gogora ekarri du gaurko ekitaldia Larraña harrera etxearen ondoan izan dela: “Euskal herritarrek momentu ilunetan harrera jaso beharra izan zuten moduan, guk ere harrera egin behar diegu une ilunak bizi dituzten herriak”.
Erakusketa Eltzian
Behin ekitaldi instituzionala Agur jaunak abestuta amaitu ostean, amerikarrek Oñatin egindako egonaldien nondik norakoak jasotzen dituen erakusketa bisitatu dute Eltzian. Hilabetez egongo da ikusgai erakusketa.