Urbiako lizarrak iparrorratz

Oihana Elortza Gorostiza 2024ko uzt. 28a, 10:00

Urbiako ermita eta inguruan landatutako zuhaitzak 1930ean. INDALECIO OJANGUREN

Ia ermitak beste urte, 100, dituzte Urbian landatu zituzten lehen lizarrek; 770 lehendabiziko landaketa nagusi hartan eta beste 500 bat 60ko hamarkadaren hasieran. Bideak nondik segitzen duen erakusten dute oraindik ere.

Urbiako ermitatik fondarainoko eta handik aurrerako zuhaitzak inguru hartako ikur dira. Urbiaren deskripzioa edo margoa egiterakoan duda barik agertuko diren elementuak. Lizarrak dira horietako gehienak.

770 lizar lehen landaketan

Hainbat sasoitan landatutako zuhaitzak dira. Ermitak beste urte, 100, dute ia batzuek, eta hasierako helburua edo zentzua betetzen jarraitzen dute gaur egun: ingurua edertzeko eta gerizpea emateko bai, baina baita bidea non dagoen jakiten laguntzeko ere.

Arantzazuko frantziskotarren liburutegian eta artxiboan badute gordeta horren gaineko informazioa, bertako artxibozain David Cano oñatiarrak azaldu eta erakutsi duenez. Gordeta eta sailkatuta dauden idatzietan ageri da, esaterako, lehen landaketa 1925ean egin zutela, ermita inauguratu eta urtebetera. 770 lizar landatu zituzten orduan, errenkara bikoitzean, Elorrolatik hasi eta fondara eta errekatxora bitarteko zatian. Hain zuzen ere, hostotza handiena dutenak.

Arkume-jana egiten ermitaren ondoan, 1966ko udaberrian. Jose Luis Zaldua

Ermitaren 40. urteurrena festetako egitaraua antolatuz ospatu zuten. Proiektu haren bultzatzaile izan zen Jose Adrian Lizarralde frantziskotarra omendu zuten orduan. Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki eta Manuel Lasarte Lasarte bertsolariak izan ziren, adibidez, eta Txiki artzain txakurrak erakustaldia egin zuen Juan Mari Murguzurren esanetara. Ospakizun hartarako, baina, beste landaketa handi bat egitea erabaki zuten, aurretik jarritako asko apurtu egin zituztelako, dokumentuetan irakur daitekeenez.

Mando, asto eta zaldi gainetan igo zituzten landareak Arantzazutik Urbiara

Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak lehiaketara atera zituen landatze lan haiek. Frantziskotarren artxiboan dauden dokumentuetan dago jasota bete beharreko baldintzen agiria: 0,30 metroko sakonera izango zuten 500 zulo eta 1,80 metroko eta puntan bukatutako hiru taket inguruan, erdian bi metro inguruko landarea sartzeko. Ataundik ekarri zituzten horiek, eta Taque izeneko mandoa buru zen espedizioan igo gora. Lizar-landareak, berriz, Zaldibarko (Bizkaia) Areitio mintegitik; Urbia-zalea zen oso hango nagusia, Juan Guridi. Kamioian eroan zituzten Arantzazura, 1963ko azaroaren 29an, eta mando, zaldi eta asto gainetan eraman handik Urbiara hurrengo egunean. Zurituta zegoen orduan Urbia. Abenduaren 4an bukatu zuten landaketa, auzolanean, 568 zuhaixka, "eguraldi ezin hobeagoarekin".

Urtarrilaren 7ko argazkia, Urbia ingurua lainotuta eta lizarrak bistan. J.M.A.E

Beste lau norabidetan ere bai

Jose Inazio Lasak, Aita Lasak, bideratu zuen landaketa hura, eta hainbat erakunderi dirulaguntza eskatu zien. Orduko landaketa hartan, baina, bide nagusian ez ezik, albokoetan ere landatu ziren zuhaixkak. Hain zuzen ere, Urbiatik Aizkorrirako bidean, Zegamako estazio alderakoan, Artzanburutik Legazpi aldera eta Otzaurtera: norabide bakoitzaren lehen 200 metroetan sartu zituzten zuhaitz-landareak.

Jose Luis Zaldua zumarragarrak, berriz, badaki bidea markatzeko Urbian landatutako lizar haietako batzuk euren ingurutik eramandakoak ere badirela. "Gure aita zena Sagaspe baserrikoa zen, Urbia-zale itsua, eta Beloki inguruko basoan zeuden lizarrak aitzur txiki batekin atera eta Urbiara eraman zituen, han berriz birlandatzeko. Lagunak zituen Urbian aitak, eta ia igandero joaten ginen anaia eta biok harekin. Zegamako geralekura lehenengo trenean, eta handik oinez Urbiara, Andraitz gainetik. Etxerako buelta ere berdin, baina geraleku ondoan zegoen merenderoan arrautza parea janda heltzen ginen etxera. Oso goxoa izaten zen hango otorduaren une hura. Urbiako ermitan txoko moduko bat zegoen, oraindik ere badagoena, eta haren bueltan auzolanean ibiltzeko boluntario asko elkartzen ginen garai hartan. Oñatiarrak ziren asko, baina baita Zumarraga-Urretxutik joandakoak ere. Jatordu ederrak egiten genituen han zenbaitetan, lagunez inguraturik. Oñatiko lagun asko egin genituen han. Gogoan dut nola Aita Lasa Elorrola ingurutik heltzen zen ermitara eta salda beroa hartzen zuen meza esan aurretik. Zegaman bizi zen Eloy Tejada eta Regino Biain eta Inazio Enparantza oñatiarrak izaten ziren haren laguntzaileak".

Lehenengoaren ostean, 60ko hamarkada hasierakoa izan zen nagusia, baina haren ondoren egin zituzten gehiago ere. 1980an, esaterako, beste 94 lizar landatu zituzten.

Laino artean lagungarri

Urbiako lizar haiek askoren iparrorratz izan dira; batez ere, lainoa barruraino sartuta egon den egunetan, bideak nondik jarraitzen duen jakiteko. Horixe izan zen landatzearen arrazoietako bat, bidea markatzea, eta oraindik ere lagungarriak dira horretan. Horixe dio, esaterako, ia zapatu guztietan beste lagun pare batekin Urbiara joaten den Xabier Zelaia oñatiarrak: "Non zauden eta nondik jarraitu behar duzun jakiten laguntzen dute zuhaitzek: Aizkorri aldera, Zegama aldera... doazen bideen hasierak markatzen dituzte. Egia da gaur egun, akaso, harrezkero egin diren bidexkak hartzen dituela jendeak Aizkorrira heltzeko, adibidez, baina ibilbide nagusiak zuhaitzek markatzen dituzte".

Zuhaitz ilara, martxoan. A.J.E.

XX. mende hasieran artzain askok eta euren familiek Urbian pasatzen zituzten maiatzetik urrira bitarteko hilabeteak, gutxi gorabehera, eta gurtzeko lekurik gertukoena Arantzazu izanda jarri zuen martxan Lizarralde fraideak Julio Beobidek zizelkatutako eta Ignazio Zuloagak pintatutako Andra Mari zaindari izango zuen ermitaren proiektua. Proiektu berean landatu zituzten lehen lizarrak, orduko zein egungo artzainei eta baita mendizaleei ere, bidea erakusteko.

Irailean beteko ditu 100 urte ermitak

1924ko irailaren 28an inauguratu zuten Urbiako baseliza. Han bizi ziren artzainek domeketan meza entzun ahal izan zezaten aita Lizarralderen ekimenez eraiki zuten, 35.884 pezetako (215,663 euro) aurrekontuarekin –oñatiarren artean 2.340 pezeta (14,0634 euro) batu zituzten–.

Urbiako ermita eraikitzen, 1924an. INDALECIO OJANGUREN

Jose Adrian Lizarralde frantziskotar zaldibiarra izan zen proiektuaren bultzatzailea. 1923ko abuztuaren 8an, ermita egiteko utzi zuen Partzuergoak Urbiako zelaiaren erdiguneko zati bat, Aizkorri mendikatearen mutur guztietatik ikus zitekeena. Marcelo Guibert azkoitiarra izan zen arkitektoa; kontratistak eta langileburua, berriz, Araotzeko uriartetarrak eta Demetrio Goitia. Bost hilabetean bukatu zituzten lanak.

6.000 lagun inaugurazioan

Euskal Herriko Alpinismo Federazioko presidenteak hala eskatu zuelako izan zen inaugurazio eguna 1924ko irailaren 28an: tren berezi bat ipini zitekeen igande bakarra zen, eta, gainera, ilargi betea zegoen, eta hori eskertuko zuten Urbiara gauez igo gura zutenek. Bilbotik trenez heldu ziren mendizaleak eta Araba aldetik, autobusez. Gehienek bat egin zuten Arantzazun, goizeko zortzietan. El heraldo alavés eta Argia egunkariek jaso zuten inaugurazioaren aipamena, eta 6.000 lagun elkartu zirela diote orduko kronikek. Mateo Mujika apezpikuak esan zuen meza, eta ostean, fonda izango zenaren lehen harria bedeinkatu zuen. Telefonoa ere egun hartan zabaldu zuten: Urrutizkiña: Gipuzkoa, España ta herbesterako irakur zitekeen ondoan zuen oharrak.

San Inazio eguna 31n

Aurten ere, uztailaren 31n festa egingo dute Urbian. 11:00etan izango da meza, artzain txakur lehiaketa gero, bertsolariak eta soinu-joleak egunean zehar eta erromeria Miren, Agur eta Oierren eskutik. Egun horretan Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua indartu egingo du Udalak: 55 plazako bi ibilgailu handi jarriko ditu eta irteerak ordu erdian behin izango dira. Oñatin geltoki bat izango du zerbitzuak: Arantzazuko Ama kalean. Lehen autobusa 07:30ean aterako da Oñatitik; azkena, 19:00etan Arantzazutik.

2022ko San Inazio eguna. J.I.A.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak