Santa Marinak ere izango ditu bere jaiak

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko uzt. 23a, 18:03

Santa Marinako Jai Batzordeko hainbat kide auzoko plazaren iturriaren aurrean (Argazkia: Santa Marinako Jai Batzordea).

80ko hamarkada hasieran ospatu ziren azkenekoz Santa Marina auzoko jaiak, eta haiek berreskuratzea erabaki dute auzotarrek. Uztailaren 26tik 28ra ospatuko dira aurtengo santamañak, eta erdigunea auzoko plaza izango da.

Herriko auzoko jaien zerrendara batu da Santa Marina. Joan den astean egin zuen batzordeak azken bilera eta datorren asteburuaren zain daude, ilusioz.

Santa Marina begien bistan

80ko hamarkada hasieran ere egin zituzten jaiak auzo horretan, eta haiek berreskuratzea erabaki dute bertako auzotarrek. Joan den udazkenean hasi ziren aurretik zetorren gogo horri forma ematen, eta Gabonen ostean hasi ziren ofizialtzeko tramiteak egiten, egitaraua osatzearekin batera. Hilaren 26tik 28ra egingo dituzte eta Santa Marinako plaza izango da erdigunea. "Puntu hori ze kaletatik ikusten den, kale horietako kideak sartzen dira Jai Batzordean. Hau da: Euskadi etorbidea, Kurtzebide, Patrue kalea, Portu kalea, Lope Agirre eta Bakardadearen Ama kalea", dio batzorde horretako kide Alaitz Lazkanoiturburuk. Moiua kalea ere sartu dute aurten, nahiz eta orain arte Errekaldeko jaien barruan egon. Gero non sartuko den adosteko dute oraindik, baina litekeena da bi auzoetako jai batzordeen arteko lehia bidez erabakitzea.

Taldeetan banatuta

35 urtez azpiko ia 50 bat lagun dira Jai Batzordean eta lau taldetan banatuta egin dituzte jaiak antolatzeko egin beharreko lan guztiak. "Plazako ertz batean jarriko dugu oholtza eta erdian, iturriaren ondoan, txosna. Elkar Hezi ikastetxeak biltegi moduan erabiltzeko utzi digu beheko espazioa, eta gaztetxeko sukaldea erabiliko dugu, adibidez, luntxa prestatzeko. Portu tabernan saldu ditugu txartelak, eta mus txapelketa, berriz, Gure Txoko elkartean egingo dugu. Saiatu gara auzoak dituen espazioak erabiltzen. Karro-poteoa ere antolatu dugu, eta hainbat kaletan barrena egingo da. Egia esan, ez dugu zailtasunik izan jaiak antolatzeko. Laguntzak jaso ditugu eta auzotarrak ere prest daude ekitaldiren batean edo bestean, beharra dagoenean, laguntzeko".

Santamaña jaietako egitarauan zuzeneko musika emanaldiak, umeendako jolasak eta herri bazkaria ere jasota dituzte. "Oso harrera ona egin diete auzotarrek jaiei, eta uste dugu herri bazkarian giro ona egongo dela", dio Lazkanoiturburuk. Auzo guztiek jasotzen dute berezitasunen bat euren egitarauan, eta santamañetakoan korri-kaña prestatu dute: tragoa txosnan hartu eta plazari itzulia korrika egiteko jolasa.

Data jartzerakoan

Uztailaren 18a da berez Santa Marina eguna, baina asteburu honetarako data Santxolopeztegikoek zuten gordeta euren jaiak egiteko, eta, "antzinatasuna errespetatuz", astebete geroago, datorren honetan ospatuko dira santamañak. Hemendik aurreragoko datak auzo bien artean adostuko dituzte. Otsailean egin ohi dute bilera auzoko jaietako egitaraua zehazteko. Landaguneko eta herriguneko auzoetako jai batzordeetako kideak elkartzen dira orduan.

 

 "Zezenak eta txosna, biak jarri genituen toki berean, plazan"

Oroitzapenean ditu Santa Marinako lehen jaiak Jexux Arregik (Oñati, 1962). Lehen jaietako komeriak, batez ere. Azkenak 1984an egin zirela du gogoan.

 

Nolakoa izan zen hasiera?

Roberto Aranguren Tobi, Kote Mendizabal eta hirurok ginen, 1979an. 17 urte genituen, eta zozketa bidez erabaki genuen nork sinatzen zituen baimenen paperak; bada, Tobi-ri tokatu zitzaion.

Zer antolatu zenuten?

Zezenak ekarri genituen, eta ez dakit nola, baina txosna iturriaren kontra jarri genuen, justu zezenak zeuden tokian, eta, noski, inor ez zen txosnara hurbiltzen. Hurrengo urtean ikastetxearen beheko patioan jarri genuen txosna. Kontzertua ere egon zen. Basakabi taldea ekarri genuen, oso famatua. 150.000 pezeta eskatu zizkiguten, baina ez genuen horrenbeste, eta 100.000 pezeta eman genizkien.

Txosnan diru gutxi, beraz...

Zenbat edari hartu ere ez genekien. Aroztegian erabiltzen genuen karro batekin joaten ginen Elviranera, ardandegira, edari bila, gastatu ahala; baita goizeko ordu bietan ere.

Dirulaguntzarik izan zenuten?

Auzotarrek asko jarri zuten, bai. Udalak, ezer ez. Obretan zeuden udaletxean, eta kultura etxera eramanda zituzten bulegoak. Han eman ziguten gutun-azala, baina udal langile batek bere poltsikotik jarritako dirua zen hura: 100 pezeta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak