Urtanta ekimenaren geltoki bat, Arantzazun

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko uzt. 22a, 15:10

Et-Incarnatus taldeko kideak, iazko Urmuga ekimenaren baitan Otsagabian egin zuten kontzertuan. Argazkia: Joxe Felix Diaz de Tuesta.

Et incarnatus orkestra gidari dela, Donostiako orfeoia, Maika Etxekopar, Titika Rekalt, asisko urmeneta eta iñaki Palacios izango dira, besteak beste, Arantzazuko basilikan uztailaren 23an 20:00etan egingo duten ikuskarian; sarrerak, Urmuga.eus atarian.

2020an abiatu zen Urmuga, mendiak eta musika batzen dituen musika jaialdia: Euskal Herri osoa zeharkatzen du, mendebaldetik ekialdera, eta mendi tontorretara, herrietara eta bailaretara musika eta naturarekiko maitasuna eramaten du.

Bi urtean behin egiten da eta tartean, ekitaldi handia egiten ez den urteetan, Urtanta antolatzen dute; laburragoa, baina goi mailako musikaz gozatzeko aukera ematen duena hori ere. Arantzazun egingo dute, uztailaren 23an, aurten antolatu dituzten lau emanaldietako bat

Nestor Basterretxearen omenez

Elkanoren mundu-bira omendu zuten orain dela bi urteko Urtanta ekimenean, eta aurten, Nestor Basterretxea goretsiko dutela azaldu du Urmuga kultur elkarteko eta Et Incarnatus Orkestrako zuzendari Migel Zeberiok Goiena telebistako Hemen Debagoiena saioan: "Gure arteko sortzaile ezagun eta, beharbada, eragin handienetakoa izan duena da. Aurten haren jaiotzaren mendeurrena ospatzen dugunez, egokia iruditu zitzaigun haren figuraren inguruan aurtengo Urtantaren ildo nagusia bideratzea. Arantzazuko emanaldian keinu gehiago egingo ditugu; izan ere, Bitoriano Gandiagaren Hiru gizon bakarka poema-liburuaren argitalpenaren 50. urteurrena da, eta, horrez gain, Jakin aldizkariaren sortzaileak ere omenduko ditugu: Paulo Agirrebaltzategi eta Joxe Azurmendi".

Askotariko diziplinak batzen dituen ikuskariak, Nestor Basterretxea artista gogoan

Lau emanaldi egingo dituzte, guztira: Hondarribian, Basterretxea bizi izan zen herrian, uztailaren 22an; Basterretxearen muralak dauden Arantzazun, hurrengo egunean; Bakion, artistaren jaioterrian, uztailaren 25ean; eta Nafarroako Gaintza herrian, uztailaren 28an. Urmuga.eus atarian daude sarrerak eskuragarri.

Jon Esnaolak konposatuta

Askotariko osagaiak batuta, euskaltasuna, espiritualtasuna, erlijioa eta mitoak berbagai hartuta eta ironiarekin, surrealismoarekin, umorearekin eta gogoetarekin bustita sortu dute ikuskaria: "Musika arloan pisu eta presentzia nabarmena dute aitzinako euskal doinuek, baina ez dira bere horretan eskainiko, baizik eta Jon Esnaolak sortu dituen konposizio indartsuekin. Mundu oso onirikora garamatza musikak, eta uste dut jendea ez dela hotz geratuko eta zer pentsatuta emango diola espresuki batu ditugun arte diziplinetako sor- tzaileek elkarlanean egin duten ikuskari ederrak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak