Udako ikastaro batek hartuko du lekua uztailaren 22 eta 23an Arantzazun, Arantzazun bizi: iragana, orainaldia eta etorkizuna zer? jardunaldia egingo baitute, "Arantzazuren eta Euskal Herriaren etorkizuna lotzen dituen bidexkak, natural zein kulturalak, elkarrekin aztertzeko".
Ikastaroan finkatutako helburuei dagokienez, honakoak dira: Arantzazuko ondare materiala eta immateriala bertan ezagutzea; Arantzazuko ekosistemaren historian eta naturan murgiltzea; Arantzazuren etorkizuna herrigintzarekin eta kulturgintzarekin duen lotura esploratzea; etorkizuneko ikuspegiak sortzeko Frantziskotarren eta egungo gazte erreferenteen artean garatutako esperientziak ezagutzea; Bitoriano Gandiagaren bizitza eta lana ezagutzea; Joxe Azurmendiren filosofia hedatu eta eztabaidatzea; bakardadearen erronka gizarte berrikuntzatik nola heldu eztabaidatzea; zientzia eta pentsamendu garaikidean lankidetzaren garrantzia ulertzea; eta lankidetzan oinarritutako estrategiak lantzea.
Antolaketa
20 ordukoa izango da ikastaroa, euskaraz, eta bi eguneko programa "berezia" landu dute antolatzaileek: goizetan, "hausnarketarako eta eztabaidarako" gonbita egin nahi diete parte-hartzaileei; arratsaldetan, berriz, Arantzazu "hobeto ezagutzeko esperientziak" eskainiko dituzte. Xehetasun gehiago, ordea, hemen jaso dituzte; eta baita izen-emateko urratsak ere.