Arantzazuko fraideak eta gazte erreferenteak aurrez aurre, euskal nortasunari buruzko hausnarketan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko uzt. 11a, 19:48

Ibarretxe, Agirrebaltzategi, Mujika eta Goia goizeko prentsaurrekoan. (Argazkia: Arantzazulab).

Euskozenoa egitasmoaren baitan elkartu dira Arantzazuko lau fraide eta diziplina ezberdinetako lau gazte erreferenterekin –tartean da Oihana Kortazar mendi korrikalari elgetarra– etorkizuneko euskaldunak nolakoak izango diren galderaren erantzunaren bila. Solasaldiak uztailean zehar argitaratuko dira sare sozialetan zabalduko diren bideoen bidez.

Euskozenoa mundu eta kultura globalizatuen errealitatean euskaldun izateari buruz hausnartzeko gunea da. Hiru damatxo ekoiztetxeak sortutako hainbat ikus-entzunezkok osatzen dute egitasmoaren laugarren hausnarketa prozesua. Oraingo honetan elkartu dira binakako bikotetan Oihana Kortazar mendi korrikalari elgetarra, Dupla taldeko abeslari Gari Uriarte, Xabier Mujika eszenografoa eta Olatz Ibarretxe berrikuntzan aditua Arantzazuko Santutegiko goardiano Juan Miguel Dorronsoro eta Paulo Agirrebaltzategi, Anjel Txabarri eta Mikel Santiago frantziskotarrekin batera.

Ekimena DOT Kooperatibak, Arantzazulab-ek eta Arantzazuko Frantziskotarren Probintziak sustatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Gaur egin dute prentsaurrekoa Donostian Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak, Paulo Agirrebaltzategi fraide frantziskotarrak, Olatz Ibarretxe DOT-eko zuzendari sortzaileak eta Xabier Mujika eszenografoak.

"Goiz osoko elkarrizketak" izan direla aurreratu dute sustatzaileek: "Berriketa amaitutakoan, frantziskotarrek gogoeta egin dute eta prozesuan izandako esperientzia oinarrituta, etorkizuneko belaunaldiei zuzendutako manifestua idatzi dute". Paulo Agirrebaltzategik azaldu du berak Dupla taldeko Gari Uriarterekin egin duela solasaldia eta aurrez ez zuela ezagutzen: "Elkar agurtu orduko, benetako sintonia sortu zela uste dut bi mundu kultural ezberdinekoak izan arren biok. Euskara akademikoarekin batera euskara herritarrak landu beharraz mintzatu ginen bereziki, euskarak berak etorkizun bizia izan dezan".

Era berean, Olatz Ibarretxe berrikuntzan adituak gaineratu du, Arantzazu beti izan dela berrikuntzaren eredu bat berarendako hainbat prismetatik begiratuta: "Barrutik ikusita iraganera bidai bat baino etorkizunerako salto bat izan da".

Sustatzaileek aurreratu dute solasaldien bideoek uztailean ikusiko dutela argia sare sozialetan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak