Emantzipatzeko bidea egosten ari dira gazteak

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko uzt. 5a, 11:18

Aste honetan egin duten sukaldaritza tailerretako bat. Argazkia: Iñigo Barrena

Gaztelekuak antolatuta, 16 eta 30 urte arteko hamalau gazte ari dira sukaldaritza tailerrean parte hartzen. Astelehenetan eta astearteetan izaten dituzte saioak Haitzalde elkartean, eta, datorren asteko bi saioekin emango diote amaiera ikastaroari

Gazteen eta hain gazteak ez direnen buruhausteetako bat izaten da kozinatzea eta otorduak prestatzea; are gehiago, emantzipazio garaian daudenean. Behin gurasoen etxetik irtenda amaitzen dira bazkariak eta afariak prestatuak izatearen luxua, eta sukaldeko mantala janzteko ordua iristen da. Pauso horretan bidelagun izan guran, Oñatiko gaztelekuak 16 eta 30 urte arteko gazteentzako sukaldaritza tailerra antolatu du ekainaren 17an hasi eta uztailaren 9ra bitartean, astelehenetan eta astearteetan, bi ordu eta erdiko zortzi saiotan banatuta; Haitzalde elkartean egiten dituzte saioak eta datorren asteko biekin emango diote amaiera.

Hamalau gazte izan dira tailerrean izena eman dutenak, eta adi-adi jarraitzen dituzte Aimar Anduaga eta Jon Madina irakasleek ematen dizkieten gomendioak; sukaldaritza munduan murgilduta dabiltza biak, eta begi onez ikusi zuten ikastaroa emateko aukera. "Jonen bitartez iritsi zitzaidan tailerra emateko aukera, eta, lagunak garenez, animatu egin ginen. Azken finean, sukaldean ondo moldatzea emantzipatzeko oinarrizko elementua da", dio Aimar Anduagak.

Oinarrizko sukaldaritza

Zortzi eskolatan banatutako hogei orduko ikastaroa da ematen ari direna, eta aldi bakoitzean zerbait ezberdina egiten edo prestatzen erakusten die, eta, horrez gain, sukalderako gomendagarriak izan daitezkeen aholkuak eman ere bai. Dena dela, tailer horretan ez dute Michelin izarrik duen sukaldaritzarik egiten; oinarrizkoa eta egunerokotasunean baliagarria izan daitekeen sukaldaritzan trebatzen dira: "Arroza, lekaleak, pasta, haragia, arraina... Oinarrizkoak diren jakiekin trebatzen gara. Denetariko saltsak ere egin eta probatu ditugu. Hasierako saioetan, berriz, erosketak non eta nola egin gomendio batzuk eman genituen, eta kozinatzen ari garenean izan ditzakegun arriskuen berri eman ere bai", adierazi du sukaldari oñatiarrak.

Ikasitakoa etxera

Parte hartzaileen artean ikastaroari buruz galdetuta, aukera "ona" dela azpimarratu dute, eta Anduagak aitortu du hasieran beldur pixka batekin iritsi ziren arren, ikasitakoa etxean egiten saiatzen direla: "Batzuk esperientziarekin eta beste batzuk gabe etorri ziren. Hasieran kosta egin zitzaien, baina dagoeneko oinarri bat badute eta fin ari dira. Gainera, batek edo bestek kalean esan dit plater hura edo bestea egin duela; beraz, aholkuak etxera eramaten dituzten seinale da hori". Saio bakoitzaren amaieran, prestatutakoa etxera eramateko aukera izaten dute ikasleek.

Ikasleak gustora

Hamalau kide batu dira tailerrean eta izena emateko kasuan arrazoi ezberdinak aurkitzen dira. Esaterako, Leire Zabarte da parte hartzaileetako bat, eta, bere helburua sukaldean egiten dituen akatsak hobetzea da: "Gauza berriak ikasteko eman nuen izena ikastaroan, baina arrazoi nagusia egunerokoan kozinatzen egiten ditudan akatsak hobetzeko izan da; uste dut hor dagoela kozinatutakoa ondo prestatzearen gakoa. Dagoeneko jarri ditut hemen ikasitakoak praktikan etxean, eta ondo moldatu naiz".

Haritz Azurmendi da beste ikasleetako bat, eta, bere kasuan, errezeta eta plater berriak egiten ikasteko aukera eman diola aitortzen du: "Duela urte eta erdi emantzipatu nintzen eta aurretik ez nuen ohitura handirik sukaldean aritzeko. Orain, askoz gehiago aritzen naiz sukaldean, eta gustua ere hartu diot hari. Bakarrik bizitzera joaten zarenean beti gauza berberak prestatzen dituzu, eta ikastaro honek errezeta eta plater berriak ikasteko aukera ematen digu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak