Oñatiko EAJren udal taldeak 2023-2027 agintaldiko lehen urtearen balorazioa egin du. Bidalitako prents oharrean diote gobernuko udal taldeak, "orain artean, ez duela inolako borondaterik agertu akordioetara iristeko, ezta oposizioarekin elkarlanean aritzeko ere. Ez dituzte gure proposamenak kontuan hartzen, aurrekontu itxiak aurkezten dizkigute; hainbat eta hainbat batzorde egiten baditugu ere, proiektu askoren berri prentsaren bidez izaten dugu eta hainbat proiektu ere komunikabideen aurrean aurkezten dituzte batzordeetara eraman ordez edo eraman baino lehen". Gaineratu dute: "Bakarrik egongo balira bezala" gobernatzen dute, korporazio osoa gonbidatuta gauden herriko ekitaldi eta jardueren gonbidapenik ere ez dugu jasotzen eta EAJ PNVk Udalean duen bulegoa ia ezkutatuta dago eta ez da irisgarria".
Aipatutako guztia, jeltzaleen esanetan, "EAJren udal taldearen lana ikusezin bihurtu eta udal talde jeltzalearen lana oztopatzeko estrategia bati erantzuten dio". Diote jeltzaleek elkarlanaren aldeko apustua berresten dutela: "Oñatiarren alde lan egiteko eta herrigintza herritarrekin egiteko gaude politikan, EH Bilduren udal-gobernu kideak bezalaxe, herritarrak ordezkatzen ditugulako, eta, horregatik, beti defendatuko dugu lankidetza, eta Oñatiren eta oñatiarren alde lanean jarraituko dugu, orain arte bezala".
Kale Zaharra eta musika eskola
Era berean, "aurrekontuetan jasotako eta oraindik hasi ez diren hainbat proiekturi lehentasuna" emateko ere eskatu diote EH Bilduren Udal Gobernuari jeltzaleek oharrean. Diote "Irisgarritasuna, etxebizitza-politikak, azpiegituren hobekuntza eta tokiko ekonomia bultzatzea" direla euren jardunaren "lehentasunezko ardatzak" eta gai horien inguruan proposamen ugari egin dituztela, "betiere errespetutik eta herritarren beharrei erantzute asmoz". Horietatik, baina, Udal Gobernuak "bakarra" onartu duela gehitu dute: "Aldakiñokoa". Kale Zaharra eta musika eskolari buruz, hauxe da jeltzaleek adierazi dutena: "EH Bilduren arabera, Kale Zaharraren berrurbanizazioa Kale Zaharrako Irisgarritasun Planaren barruan aurreikusita dago. Irisgarritasun Plan hori, baina, oso zabala da eta jarduera ugari aurreikusten ditu, guk EH Bilduren udal-gobernuari eskatzen diogu hirigune historikotik gertuen dagoen zatiari lehentasuna ematea eta aurten Kale Zaharraren azken zatiaren beurbanizazioari ekitea". Musika Eskola berriak izan ditzakeen kokapenen azterketa konparatiboa egitea ere eskatzen dute eltzaleek, "proiektuaren baitan urratsak egiteko, gaur egun, gobernuak kaxoian gordeta duelako proiektua".