Itsaso Pol: "Film baterako castinga egiten gabiltza"

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko eka. 28a, 12:07

Casting laguntzaile lanetan dabil Itsaso Pol oñatiarra, eta urrian David Perez Sañudo zuzendariak Bizkai aldean grabatuko duen pelikula baterako jende bila dabiltza orain.

Itsaso Pol (Oñati, 1993) zinemagilea eta casting-egilea da. 18 urterekin joan zen Madrilera bizitzera eta ikus-entzunezkoen munduko hainbat lanetan jardun du. Azkenaldian, casting laguntzaile ibili da As Bestas (2022) eta Cerdita (2022) pelikuletan eta Hasta el cielo (2023) telesailean. Orain, Txabe Atxaren eta Florencia Ines Gonzalezen Flor eta Txabe Casting-en dabil lanean, casting laguntzaile, eta urrian Euskal Herrian grabatuko duten pelikula baterako casting deialdiaren berri eman du.

Zein lanetan zabiltza gaur egun?

Iazko martxoan hasi nintzen Madrilen eta Euskal Herri mailan lan egiten duten Flor eta Txabe casting zuzendariekin lanean, casting laguntzaile. 2023an, esaterako, Pablo Urkijoren Irati pelikula egin zuten, eta 2022an Cinco lobitos.

Zer aurreratu dezakezu Euskal Herrian grabatuko duzuen pelikulari buruz?

David Perez Sañudo zuzendari bizkaitarraren hurrengo pelikula izango da. 2020an, esaterako, Ane pelikula zuzendu zuen eta hiru Goya sari eskuratu zituen. Urrian grabatuko da film berria, gehienbat, Bizkaia aldean, eta XIX. mendean girotuta egongo da. Latido Films-ek eta Maniac Films-ek ekoiztutakoa da.

Eta casting baterako deialdia egin duzue, ezta?

Bai, hori da. 30 eta 70 urte arteko gizonen eta emakumeen bila gabiltza. Ez da beharrezkoa esperientzia izatea, eta, batez ere, zuzendariak nahi duena da itxura konkretu bat izan dezatela; lurra lantzen duten pertsonei jarri beharko diete bizia, eta, horrenbestez, itxura gogorra daukaten pertsonen bila gabiltza. Euskaraz jakitea ere eskatuko zaie; bizkaieraz hitz egin beharko dute, baldin eta testua esan behar badute, eta euskaraz hitz egiteko zailtasunik ez izatea eskatuko zaie. Interesa dutenek mezu bat bidali beharko dute txabeyflorcasting@gmail.com-era, euren argazki bat atxikita eta non bizi diren adierazita.

Beraz, aukeratuek pelikulan hitz egin beharko dute?

Ez dira protagonista nagusiak izango, ezta figuranteak ere. Beraz, parte-hartzeren bat izan dezakete, bai. Normalean, guk bilatzen ditugun pertsonek garrantzi apur bat izango dute pelikulan. Agian, ez dute testu luzerik izango, baina acting apur bat bai. Eta proiekturako aukeratzen den jendeak produkziokoek esandako egunetan egon beharko luke grabazioetarako gertu.

Nolakoa izango litzateke grabazio egun bat?

Nahiko egun erraza izaten da gure castingetik aukeratzen ditugun aktore moduan joango diren horiendako. Set-era eramaten dituzte, iritsitakoan nora joango diren eta zer egin beharko duten azaltzen diete, euren eszenak entseatzen dituzte pixka bat eta grabatu egiten dute gero. Ez da konplikatua esperientziarik gabe egotea set-ean, aktore moduan.

Bizitakoarekin gustura irteten dira aktore lanak egiten dituzten horiek?

Normalean, bai. Adibidez, As Bestas filmean jende asko egon zen ez zirenak aktore profesionalak. Cerdita pelikulan ere egon nintzen, eta grabatu zen herrian egin genuen castinga, bertako herritarrei. Orokorrean, izena ematen dutenak oso pozik irteten dira eta asko gustatzen zaie. Gogoz gelditzen dira gehiago egiteko.

Euskal Herrian lotsatiak gara horrelakoetarako?

Bai; agian, Madrilen baino zailagoak izaten dira deialdiak. Beldurra edo ezjakintasuna izaten da, baina, animatu eta ezagutzen dutenean, oso esperientzia polita bizitzeko aukera izaten dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak