Prestu dute dena zapatu iluntzeko desafiorako

Oihana Elorza Gorostiza 2024ko eka. 21a, 13:12

Lehian arituko diren kirolariak, eguazteneko entrenamenduan (Argazkian: Andarto Kirol Kluba)

Harri-jasotzen, ingudea altxatzen, trontzan, txingak eramaten eta aizkoran lehiatuko dira hiruna laguneko bi talde zapatuan, 19:30ean, plazako frontoian. 2018ko giza probetan laguntzaile izan zuten Migel Anjel Ibabe 'Agerre' izango dute gogoan.

2018an giza proben erakustaldia egin zuen taldeak bazuen asmoa esperientzia errepikatzeko. Ideia hori zutela gaixotu zen orduan laguntzaile izan zuten Migel Anjel Ibabe Agerre kirolzalea, eta, haren heriotzaren ostean bada ere, asmoa gauzatu gura dute. Horrela, hura gogoan dutela egingo dute zapatuan herri kirolen desafioa.

Urdinak eta gorriak

Bi talde lehiatuko dira elkarren aurka. Urdinean: Enaitz eta Eleder Ibabe eta Xabi Barrena; gorrian: Joakin Egaña, Mikel Olalde eta Gorka Egaña. Harri-jasotzen, txingak eramaten, trontzan, ingudea altxatzen eta aizkoran arituko dira talde biak. "Harria jasotzea izango da egingo dugun lehen proba, eta hor irabazten den denbora izango du alde proba horretako onenaren taldeak. Segidan egingo ditugu beste proba guztiak, eta amaieran ikusiko da nor den bukatzen lehena", dio parte hartuko duen Enaitz Ibabek. Plazako frontoian –kiroldegikoan, eguraldia txarra bada– izango da desafioa, eta horren berri ematen dute esatariak ere egongo dira, herri kiroletako probetan egon ohi diren moduan. Aitor Tatiegik eta Urko Arregik egingo dituzte esatari lanak, bertsotan. Gainera, txosna txiki bat muntatuko dute; jatekoa eta edatekoa egongo da han. Erakustaldiko gastuak ordaintzeko izango da batuko duten dirua.

Otsaila ezkero entrenatzen

Otsailean hasi ziren zapatuan egingo duten desafio hori prestatzen. Astean birritan elkartu dira ordutik, eta, horretaz aparte, bakoitzak bere prestaketa fisikoa landu duela ere gaineratu du Ibabek, gimnasioan, bizikletan eta korrika, adibidez. Lezoko talde baten aurka aritu ziren duela bost urteko giza proban, eta herri bietan egin zituzten desafioak. Zapatukoak orduko hartan du jatorria, baina oraindik ez dakite etorkizunean jarraipenik izango duen edo ez: "Etorri zaigu jendea eurak ere honetan arituko zirela esanez, baina ez dakigu ze itxura hartuko duen honek hemendik aurrera. Talde bat egiteko lokala ere beharko genuke, entrenatzeko, materiala bera ere garestia da, gutxieneko jarraikortasun bat bermatu beharko genuke...".

Eskerrak aldez aurretik

Zapatu iluntzean, 19:30ean, hasiko da erakustaldia. "Xumea" izango dela aurreratu du Ibabek, eta eskerrak eman gura dizkie, aurrez, ikustera joango diren herritar guztiei. Baita euren babesleei ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak