Energiaren gaiak garrantzia du herritarren zein Udalaren egunerokotasunean, eta, hori horrela dela ikusita, alde bien elkarlanarekin aurrerapausoak eman daitezkeela uste du Udalak. Horixe proposatu du, hain zuzen ere, Energiaren Zikloa Aktibatu ekimenaren barruan egindako azken hitzaldian, "erantzun kolektiboak" ematearen alde.
Udazkenetik aurrera
Energia kontsumoa murriztea eta energia efizientziaren alde egitea dira helburuak, eta herritarrek zein Udalak eman dituzte pausoak bide horretan. Baina elkarri lagundu diezaioketela ikusi du Udalak azterketa bat eginez, eta planteamendu hori nola gauzatu lantzen hasiko dira.
Esaterako, energia komunitateak sortzeko Udala bidelagun izatea izan zen azken Partaidetzazko Aurrekontuetan herritarren boto gehien lortu zituen asmoetako bat. "Horretarako prestutasuna badago. Herritarrek eskatu dute eta komunitateak berak egin behar du hori, baina Udala prest dago laguntzeko. Asmoa da irailetik aurrera dinamizazio lanak egitea horrek forma hartzen laguntzeko", dio Xabier Igartua udal ordezkariak. "Energia komunitateez harago, baina, badaude landu daitezkeen beste puntu batzuk ere. Energia bulegoa, esaterako, laguntzeko dago. Atari batean egon daiteke teilatuan eguzki plakak jartzeko edo ez jartzeko eztabaida. Hor, adibidez, lagundu dezake Udalak, sortuko den energia herrira badator gero. Eraikinak birgaitzean ere begiratu daitezke, adibidez, energiari lotutako instalazioak eta aztertu euren eragina edo etekina epe batean. Berdin ibilgailu elektrikoen aurrean egin daitekeenari buruz ere; landu egin beharko da hori".
Diagnosia lehenengo
Ehun ekonomikoa, Udala eta herritarrak batu eta energiaren gaiari erantzun kolektiboak ematea da Udalak gurako lukeena, eta hori gauzatzeko pausoak ematen jarraituko dutela aurreratu du Igartuak.
Energiaren merkatuaren araudia, funtzionamendua, izan da Energia Aktibatzeko Zikloa eki- meneko beste gaietako bat; bai- ta herriko energia testuinguruaren diagnosia ere. Lehen hitzaldian izan zuten hori ber- bagai. Igartuak emandako datuen arabera, Oñatiko urteko argindar kontsumoa 168 GWh bueltan dago. "Ideia bat izateko, Oñatiko Ur Jauzietatik sortzen denaren baino hamahiru aldiz gehia- go da hori. Baina energia ez da soilik argindarra. Herrian kontsumitzen den gas natural kontsumoak 300 GWh gainditzen du urtero. Bestalde, garraioan dugun gastu energetikoaren batez bestekoa energia behar guztien herena izan daiteke. Oñatin industriak pisu handia duenez –%60-65 inguru–, garraioarena portzentajean jaitsi egiten da, baina, guztira, 620 GWh-ko energia kontsumoa izan dezakegu". Herrian sortzen den energia berriztagarriari buruz, berriz, urteko 80 GWh ingurukoa izan- go dela dio Igartuak: "Baina, hala ere, herriko kontsumo osoaren %13. Herriko argindar kontsumoaren %45 inguru".
Erakusketa astelehena ezkero
Bailara mailan, Debagoieneko diagnostiko energetikoa eta bere inpaktua ezagutarazteko eta hausnarketak partekatzeko asmoz, D2030 ekimenak Debagoieneko egoera eta aukera energetikoak erakusketa ibiltaria prestatu du, eta 24an Oñatin izango da. Aritz Ameztegi D2030eko energia eremuko arduradunaren hitzetan: "Asmoa da herritarrengana sortzen eta lantzen ari garen informazioa eta ezagutza helaraztea, herritarra ahalduntzea eta egoeraz kon - tziente izatea, iruditzen baitzaigu nahi genukeena baino gutxiago garela bizi dugun egoeraz". 28ra arte egongo da, kultura etxean.