Ulma Taldeak %9ko igoera izan zuen iaz salmentetan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko eka. 21a, 12:09

Ulma Taldeak gaur goizean egin du batzar nagusia. Irudia: Ulma.

2023a urte "aparta" izan dela dio Iñaki Gabilondo Ulma Taldeko zuzendari nagusiak. 2024an nazioarteko jardueran dute, batik bat, jarrita arreta.

Ulma Taldeak ohiko batzar nagusia egin du gaur goizean Oñatin, eta Iñaki Gabilondo zuzendari nagusiak iazko emaitzen berri eman du. Haren arabera, salmenten zifra orokorra %9 handitu zen 2023an aurreko urtearekin alderatuta, eta 1.142 milioi eurokoa izan da. Horrez gain, 5.600 langileko taldea dutela azaldu du, eta 205 lanpostu sortu zituztela iaz. "Horrek guztiak Ulma Taldea sendotu egiten du, eragile enplegatzaile giltzarritzat eta industria arloko erreferentziazko kooperatiba taldetzat".

Bestelako datu ekonomikoetan, 837 milioi euroko salmentak izan zituzten iaz nazioartean, aurreko urtean baino %8 gehiago, eta zifra hori da, hain justu, Ulma Taldearen sarrera guztien %73a. EBITDA –interes, zerga, balio galera eta amortizazioen aurreko irabaziak– dagokionez, 224,7 milioi eurokoa izan zen, %22 handituta. Are gehiago, 104 milioi eurotik gorako inbertsioak egin zituzten, "finantzen aldetik sendo baitzegoen" taldea.

Bada, datu horiek guztiak gogoan, Gabilondok azpimarratu du "urte aparta" izan zela 2023a: "Horrek ahalbidetzen digu proiektu sozioenpresarial sendo eta lehiakor bat indartzen jarraitzea, berrikuntzatik eta Ulma osatzen dugun pertsona guztien konpromisoarekin etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai den proiektua baita. Gure negozio guztien hazkunde iraunkorra eta ingurunearekiko konpromisoa bultzatzen jarraitzeko lan egiten dugu". Eragin sozialaren ikuspegitik, gainera, erantsi du euren helburua" etorkizuneko belaunaldiei ondare hobea uztea" dela, "Ulma presente dagoen toki guztietan garapen ekonomiko, ingurumen, sozial eta kulturalarekiko konprometituta". Hori dela eta, 1,3 milioi euro bideratu zituzten iaz izaera sozialeko proiektuetara.

Begirada orainean eta etorkizunean

Ulma Taldearen hitzetan, "ikuspegi politiko, ekonomiko eta sozialetik ziurgabetasunak markatuta jarraitzen duen testuinguru global baten aurrean" daude, baina "nazioarteko jarduerak duen pisu handiak aukera ematen du tokiko arriskuekiko esposizioa orekatzeko eta hainbat merkatutara sartzeko malgutasuna izateko". Hala ere, beste arlo batzuetan ere arreta jarri beharra dagoela uste du: "Jarduera txikiagoko ingurune batean marjinak kudeatzea eta digitalizazioa eta jasangarritasuna bezalako esparruetan dauden eskakizunek eragindako aldaketei aurre egitea dira etorkizun hurbilean erantzun beharreko erronketako batzuk". Horretarako, bada, "inbertsioak" indartzea ez ezik xede du "merkatu giltzarrietan duen posizionamendua eta lidergoa bultzatzea ere".

Esate baterako, UMT Ulma Medical Technologies izan du aipagai Gabilondok, bere hitzetan, "osasunaren merkatuan barneratzeko Ulma Taldeak sustatutako ekimen berritzailea". Hain justu, gaixotasun oftamologikoak garaiz detektatzeko eta tratatzeko soluzioak garatzen ditu adimen artifizialean oinarrituta. 3,3 milioi euro inbertitu ditu proiektu horretan, eta hamabi pertsonako lantaldea dute. Hala, espero dute 2026an emaitza positiboa sortzen hastea: "Diagnostikorako softwareak produktu sanitarioen CE markaren ziurtagiria lortu du, eta horrek soluzioa mundu mailan merkaturatzea ahalbidetzen du. Proiektu hau beste gaixotasun mota batzuetarako aplikazio berriak sustatzeko eta garatzeko fasean dago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak