Bai Euskarari Elkarteak 2024ko Bai Euskarari Sariak banatu ditu eguerdian, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Txinparta bizia euskararentzat izan da aurtengo sari banaketako leloa. Lelo horren arrazoia "euskara lan munduan biziarazten duten txinpartak" saritu izana dela adierazi dute Bai Euskarariko kideek.
Hiru sari banatu dituzte, eta horietako bat Ulma taldeak jaso du. Ibon Calvo presidentea bertaratu da saria jasotzera. Eskerrak eman ditu Calvok saria jasotzeko orduan. Honek azaldu duenez albistea jaso zutenean, “benetan pozgarria” izan zen eta “harrotasun puntua” sentitu zutela gaineratu du: “Ez da egunero jasotzen horrelako errekonozimendurik, eta horrek gure lana eta ahaleginak balioesten direla erakusten du”.
Kide Aholkularitza eta Izarkom enpresak izan ziren beste bi sarituak. "Euskararen erabilera areagotzeko lan handia egiten ari diren hiru entitate saritu ditugu aurten", esan zuten elkarteko kideek.
Ulma eta euskara
Ugariak izan dira Ulmak euskara sustatzeko abiatutako ekimenak, eta hori balioetsi nahi izan du elkarteak: "Oñati eta Ulma edo Oñati eta euskara ezin dira banandu, eta ezin dira Ulma, Oñati eta euskara banandu". Jarraian, urte luzez Ulmak landu duen Euskara Plana eta honek duen Bai Euskarai ziurtagiria izan zuten hizpide: "Ulmaren parte da euskara eta urte asko dira Euskara Plana dutena. 2006an hasi zuten lanketa, Bai Euskarari ziurtagiriarekin". Hau berretsi egin dute Ulmako kideek: "Ulmak 2006tik du Bai Euskarari Ziurtagiria. Ziurtagiri honek ikusgarritasuna ematen du, eta Ulma taldera datozen bezeroen, hornitzaileen eta bisitarien aurrean argi erakusten du Ulman euskaraz egiten dela".
Amaitzeko, Ulmaren nazioarteko izaerak euskararen hedapenerako duen garrantzian jarri zuten arreta Bai Euskarariko kideek: "Nazioarteko enpresa talde industriala izanik, beren jardunean kanpora begira eragiteko euskara zabaltzeko ahalmen handia dute; horren aldeko apustua egin dute".