Filosofoa da ikasketez, liburuzaina ogibidez eta idazlea afizioz Iñaki Goitia Lucas oñatiarra. Orain dela 20 urte hasi zen idazten eta harrezkero askotariko idazketa-genero lanak sortu ditu. Mikrokontakizunetan abila dela erakutsi du Goitiak, hainbat sari irabazita. Ekainaren 5ean jaso zuen azken saria, Madrilgo Metroak eta Idazleen Eskolak antolatutako II. Metrorrelatos lehiaketako sari nagusia.
Literatura-genero bat da
Mikrokontakizuna ez da istorio baten laburpena, ezta burutazio soil bat ere. "Mikrokontakizunak egitura zehatza du; narrazio guztien moduan, hasiera, korapiloa eta amaiera ditu, eta baita gatazka baten askapena ere", azaldu du Iñaki Goitiak.
Kontakizuna idazteko arau batzuk jarri zituzten antolatzaileek: metroan girotuta egotea, gehienez 100 hitzekin osatutakoa izatea eta "Estaba junto enfrente" esaldiarekin hasi beharra.
Hamlet eta Kixote
Tragedia moderna istorioa idatzi duela kontatu du Oñatiko idazleak: "Metroan doazen bi pertsona irakurtzen ari dira; Kixote liburua du batek eskuetan eta Hamlet besteak. Halako batean, On Kixotek bere obratik salto egingo du eta Hamlet-en sartuko da, erraldoien aurka borrokatzen laguntzeko, Hamlet bahitzeko asmoz. On Kixote irakurtzen ari denak liburua itxi eta bagoitik atera dela konturatuko dira, eta gure errealitatean geratuko dira. Kixotek eta Hamletek Malasaña auzoan bizirauten dutela esaten da orain. Hamlet printzea da eta ez du lanik egin gura eta Kixote ameslaria da; bada, hor egiten dut kritika: Hamlet tragedia bat da, euren obretatik kanpo geratzea beste tragedia bat da eta tragedia modernoa edo benetako tragedia litzateke gaur egun etxebizitzak lortzeko dagoen zailtasuna".
Metroan irakurgai eta entzungai
1.500 euro, Madrilgo Escuela de Escritoresen ikastaroa eta hango metroko geltokietan eta bagoietan haren istorioa irakurtzeko eta entzuteko aukera dira irabazitako sariak: "Jende askorengana iristeko erakusleiho polita da hori, eta oso pozik nago horregatik".