Diskriminazioaren aurkako zuzenbideaz jardungo dute Oñatiko Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundean ekainaren 6 eta 7an, mintegia antolatu baitute La Ley 15/2022 integral de igualdad de trato y no discriminación: novedades, aspectos comparativos y valoración (Tratu berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko 15/2022 Lege integrala: berrikuntzak, alderatzeko alderdiak eta balorazioa) izenpean. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko hiru irakaslek –Alazne Irigoien Dominguez, Juana Goizueta Vertis eta Maggy Barrere Unzueta– antolatu dute jardunaldia, eta zazpi unibertsitateko hamasei irakaslek eta bost elkartetako ordezkarik hartuko dute parte, xede batekin: "Diskriminazioaren aurkako zuzenbideari buruzko Espainiako azken lege-testuaren alderdi sozio-juridikoei buruzko analisiak eta iritziak bateratzea eta kontrastatzea".
Horretarako, lau saiotan banatuko dute mintegia, gai bana lantzeko: legearen eremu subjektiboa, diskriminazioaren aurkako beste lege batzuei dagokienez; kontzeptu- eta interpretazio-esparrua; gizarte errealitatearen hainbat eremutan hedatzea; eta legeak biktimei arreta, babesa eta informazioa emateari eta Euskal Autonomia Erkidegoko antzeko legedi baten legegintza prozesuari dagokienez egindako balorazioa.
Hamasei irakasle eta bost elkarte
Parte-hartzaileei dagokienez, EHU ez ezik, Sevillako, Valentziako, Deustuko, Bartzelonako Autonomoako, Alcalako eta Oviedoko unibertsitateetako hamasei irakaslek hartuko dute parte mintegian, eta bost elkartetako kidek: SOS Arrazakeria, Biltzen, Enarakkoop, Jendarte eta Gehitu. Antolatzaileen arabera, horiek guztiek zuzenean ezagutzen dute "legeak jorratzen duen arazoa", lege aholkularitza eta laguntza ematen baitiete "faktore anitzeko diskriminazioaren biktimei".